Ekimenak herritarren, elkarteen eta entitateen inplikazioa eta ibilbidea nabarmendu nahi ditu

BASAURI | Basauriko Udalak Euskera Saria martxan jarri du, udalerrian euskararen erabilera babesten, sustatzen eta zabaltzen nabarmendu diren pertsona, elkarte eta erakundeen lana aitortu eta ikusgai jartzeko asmoz. Deialdi honen bidez, gertuko ingurunean euskarari bultzada ematen dioten eragileak ohoratu nahi dira.
Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da azaroaren 3tik 20ra bitartean.
Saria jasotzeko aukera izango dute Basaurin jaiotakoek, bertan bizi direnek edo beren jarduera nagusia herrian garatzen dutenek, hiru kategoria nagusitan:
-
Partikularrak.
-
Irabazi-asmorik gabeko elkarteak: kirol edo kultura elkarteak eta taldeak.
-
Entitateak: saltokiak, ostalaritza-establezimenduak, ikastetxeak, etab.
Oharra: ezin izango da norbere burua proposatu.
Hautagaitzak aurkezteko ahalmena dute Basaurin erroldatuta edo erregistratuta dauden edozein pertsona, elkarte edo taldek, baita herriko euskaltegiek eta ikastetxeek ere.
Prozesua
Epaimahaiak hainbat alderdi hartuko ditu kontuan hautagaiak aztertzeko: euskararen aldeko ibilbidea, eragin soziala, hizkuntzaren erabilera sustatzeko ahalmena, eremu berrietara egindako irekiera, euskal komunitatearentzat erreferente izatea eta jatorri desberdinetako pertsonengana hurbiltzeko ahalegina.
Prozesuaren ostean, epaimahaiak hiru hautagai aurkeztuko ditu, eta horien artean izendatuko du udaleko buruak saria jasoko duena. Emaitza eta aintzatespena abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Galan ezagutaraziko dira modu publikoan.
Proposamenak bide telematikoz zein aurrez aurre bidali ahal izango dira:
-
Internet bidez: ados.basauri plataformaren edo egoitza elektronikoaren bitartez.
-
Aurrez aurre: Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), Kareaga Goikoa 52 kalean.


