Bizitegi-merkatuko gune tentsionatuaren kalifikazioak alokairuen prezioak mugatzea ahalbidetuko du datozen hiru urteetan

BERMEO | Bermeok bat egin du tentsionatutako eremutzat jotako euskal udalerrien zerrendarekin, eta, horri esker, alokairuen prezioak ez igotzeko neurriak ezarri ahal izango ditu. Eusko Jaurlaritzak onartutako agindua Ministerioak hiru hilean behingo ebazpenean jasotzen duenean sartuko da indarrean.
Bermeoko Udalak martxoaren 6an eskatu zuen tentsionatutako udalerrien zerrendan sartzeko, eta eskaera 2018 eta 2023 arteko alokairuen igoeraren bidezs justifikatu zuen: Udalak emandako datuen arabera, igoera hori % 20,2koa izan zen, Euskadin KPIaren igoera baino ia lau puntu gehiago (% 16,5ekoa epe horretan). Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legeak hiru puntu portzentualeko aldea ezartzen du bi zifren artean, aitorpena arrazoitzeko.
Horrela, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, Denis Itxasok, uztailaren 17an eman zuen agindua, Bermeo bizitegi-merkatu tentsionatu izendatzekoa. Entzunaldi-epeak agortu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du izendapena. Hala ere, indarrean sartzeko, Ministerioak hurrengo hiruhilekoko txostena argitaratu arte itxaron egin beharko du. Ebazpen horietako azkena azaroaren 3an izan zen, eta Sopela, Urduliz eta Bergara sartzea ekarri zuen. Eusko Jaurlaritzak aitorpen hori jaso zezaketela identifikatuta zeuzkan 32 udalerrietatik, 21ek jaso dute izendapena.
Aitorpenaren ondorioz, plan espezifiko bat idatzi beharko dute neurri zuzentzaileak eta egutegia jastzeko, jabe handiei (5 etxebizitza baino gehiago dituztenei) Estatuko sistemaren muga aplikatuko zaie, eta, gainerako kasuetan, kontratu berrien errentek ezin izango dute indarrean dagoen azken kontratuarena baino % 10 gehiago gainditu.


