Gertatutakoaren berri izan ondoren, ikerketa abiatu du gertatutakoa argitu ahal izateko

ERMUA | Uztailaren 5ean, Ertzaintzaren Barne Arazoetako Buruzagitzak jakin zuen, Eibarko ertzain-etxeko burutzak emandako informazio baten bidez, adingabe bati ustez eraso egin ziola Ertzaintzaren baliabide batek Ermuan patinete elektrikoan zirkulatzen ari zenean.
Jarduketa bide-segurtasuneko gertakari gisa hasi zen, antza denez, agenteak patinete elektrikoan kontrako noranzkoan zihoan pertsona batekin gurutzatu zirenean, eta identifikatu ahal izateko gelditzeko agindua eman ziotenean. Honek ez zien jaramonik egin agenteek gelditzeko emandako jarraibideei. Atzeman zutenean gertatu zen ustez agentearen erasoa.
Era berean, Ertzaintzak HSL bat ireki zion adingabeari desobedientziagatik, eta trafiko-salaketa bat jarri zion kontrako noranzkoan gidatzeagatik.
Adingabearen familia Eibarko ertzain-etxera joan zen adingabeak kontatutako gertakariak egiaztatzera, eta operazio-buruak salaketa jartzeko aukera eskaini zien. Azkenik, familiak ez zuen salaketa jarri ertzain-etxean, baina Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Buruzagitzak, gertatutakoaren berri izan ondoren, ikerketa abiatu du gertatutakoa argitu ahal izateko.


