Auzoaren historia eta parrokiaren sorrera gertutik bizi izan zituen Iñaki Loinazek, duela 50 urteko inaugurazioan akolito aritu zenak

DURANGO | San Fausto auzoa berrogeita hamarreko hamarkadan sortu zen, Espainiako hainbat lekutatik bizitza hobe baten bila Durangora iritsitako familiak hartzeko. Auzo bizia eta alaia zen, baina bazituen bazterketa eta zailtasun ugari ere. «Sarbide bakarra kale luze bat zen, fabrikaz inguratua eta gaizki argiztatua; horrek ia ghetto bihurtzen zuen. Durangon ez gintuzten ondo ikusten. Gogoan dut, mutikoa nintzela, bazegoela jendea agurtzen ere ez gintuztena», gogoratzen du Iñaki Loinazek, Bilboko Elizbarrutiko apaizak.
Loinazek gertutik ezagutu zuen San Fausto parrokiaren sorrera. Duela 50 urte, tenpluaren inaugurazioan akolito aritu zen, eta auzoaren bilakaeraren lekuko izan zen. Igande honetan egingo duten ospakizunak, beraz, esanahi berezia du harentzat.
Tenplua eraiki aurretik, jesuitek, Beltran de Heredia aitarekin, eskolan eta frontoian ematen zituzten mezak. Loinazek berak ere han egin zuen lehen jaunartzea. Garai hartan aurkeztu zuten Vicente Zavala auzoan. San Fausto, Durangoko zaindariaren ermita, ordea, abandonatuta zegoen. «Oiloak eta untxiak ikusi ditut barruan; korta bat zen», gogoratzen du.
Auzotarren eskutik
San Fausto parrokia berria eraikitzeko bidean, auzotarren inplikazioa funtsezkoa izan zen. 1975eko maiatzaren 12an hasi zituzten ermita zaharreko garbiketa-lanak. Suhiltzaileek teilatutik geratzen zena kendu ondoren, bizilagunek hartu zuten lanaren ardura.
«Auzoko langileak, lanetik irten orduko, pare bat orduz joaten ziren harria garbitzera. Horrek auzo-kontzientzia piztu zuen: zerbait garrantzitsua genuela sentitu genuen», azaldu du Loinazek.
Lan horien ondoren, 1976ko urriaren 13an bedeinkatu zuten eliza berria. Joan Maria Uriarte Bilboko gotzain laguntzailea izan zen ekitaldiaren buru, bere lehen pastoral zerbitzuetako batean.
Parrokiaren inguruan, gainera, hainbat ekimen eta talde sortu ziren: San Fausto Gizarte Zentroa, Mariaren Legioa eta pastoral kontseilua, besteak beste. Zavalak auzotarrek jatorrizko lurraldeetatik ekarritako debozioak eta ohiturak aintzat hartzen jakin zuen, eta auzoko andaluziar, extremadurar eta palentziar zentroekin harremana sustatu zuen.
«Parrokiak duintasunez auzoko sentiarazi gintuen», laburbiltzen du Loinazek.
Durangori emandako bizitza
1931n Tolosan jaioa, Vicente Zavala Durangoko jesuiten San Jose ikastetxean ikasitakoa zen. Murtzian denboraldi labur bat egin ondoren, Durangora itzuli zen, lehenik ikastetxera eta, gero, San Fausto parrokiara. Haren ardura hartu zuen 2004ko abuztuan hil zen arte. Durango izan zen apaiz gisa izan zuen destino bakarra.
Loinazek gizon adeitsu, serio eta kultu gisa deskribatzen du, baina, batez ere, jendea hartzeko zuen gaitasuna azpimarratzen du. «Neurririk gabeko harrera egiten zekien. Ezagutzen zenuenean, etxean bezala sentitzen zinen. Berdin zitzaion enpresari handia edo auzoko edonor izan».
Zavalaren laguntza bereziki garrantzitsua izan zen zailtasun gehien zituzten familientzat, baita garai hartan drogen eraginpean zeuden pertsonentzat ere. Kupoiak ematen zizkien, auzoko denda txikietan arropa edo bestelako tresnak eskuratzeko. «Jendeari asko lagundu zion, ez bakarrik ekonomikoki, baita familiei eskua luzatuz ere», gogoratzen du Loinazek.
Zavalaren izaeraren beste alderdi bat haren espiritualtasuna izan zen. «Luzaroan eserita edo belauniko, isilik, Sagrarioaren aurrean ikusten dut oraindik gogoan, nik organoa jotzen edo koruan entseatzen nuen bitartean. Eukaristia, Ama Birjina eta Eliza izan zituen maitasunik handienak», dio Loinazek.
Zavalak berak bultzatu zuen organoa ikastera. Bederatzi urtez jo zuen Loinazek San Faustoko organoa, eta apaiz izateko aukera ere planteatu zion. «Lehenengo eta behin karrera amaitzeko esan zidan, eta gero deia sentitzen jarraitzen banuen, hitz egingo genuela».
Hala egin zuten. Deustun Pedagogia ikasi ondoren, berriro heldu zioten elkarrizketa hari. «Beti jakin izan zuen bakoitzaren erritmoak errespetatzen eta laguntzen. Elizako mutikoa ez nintzen arren, konfiantzazko botoa eman zidan beti».
Igande honetako ospakizunak, beraz, elizaren bedeinkapenaren 50. urteurrena gogoratzeaz gain, San Fausto auzoaren historian arrastoa utzi zuen gizonaren lana ere omenduko du. 11:00etan, Joseba Segura Bilboko gotzaina buru izango da Eukaristian. Ondoren, elizaren inguruko parkea bedeinkatuko du; aurrerantzean Vicente Zavala S.J. parkea izango da.


