Barikuan, 20:00etatik aurrera, Plateruenako terrazak Sweet Rage, Iker Gomez, The Soulbar Taldea eta Bixonte Dort taldeen emanaldiak hartuko ditu

DURANGO | Udalak eta Izar Recordsek elkarlanean antolatutako Plateruena – Izar Records musika-lehiaketak lehen edizioaren azken txanpari ekingo dio azken bi sailkapen-kontzertuekin. Talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa honek tokiko musika-sorkuntza bultzatzea, proiektu artistiko berriei ikusgarritasuna ematea eta Durangoko zein Euskadiko bizitza kulturala aberastea ditu helburutzat.
Lehen edizio honetan 40 taldek eman zuten izena, eta horietatik 30ek lehiaketan parte hartzeko eskatutako gutxieneko kalitatea gainditu zuten. Joan den maiatzaz geroztik, lehiaketa zuzeneko bederatzi kontzerturen bidez garatzen ari da, eta parte hartzen duten taldeen talentua ezagutzeko aukera eskaintzen du.
Azken bi kontzertuak Plateruenako terrazan izango dira. Eguraldi txarra eginez gero, Andra Mari elizpera lekualdatuko dira.
Lehen hitzordua uztailaren 10ean izango da, 20:00etan, eta Sweet Rage, Iker Gomez, The Soulbar Taldea eta Bixonte Dort taularatuko dira.
Bigarren eta azken sailkapen-kontzertua, berriz, uztailaren 17an izango da, 21:00etan, Deborah Riff, El Callejón del Gato eta Dorre taldeen emanaldiekin.
Emanaldi guztiak amaitu ondoren, uztailaren 20tik 24ra bitartean talde finalistak zein izango diren jakinaraziko da. Finalera maila orokorreko hiru talde onenak eta Durangaldeko bi talde onenak sailkatuko dira.
Lehiaketaren final handia irailaren 26an, larunbatean, izango da, Goienkaleko jaien testuinguan. Horrela amaituko da Plateruena – Izar Recordsen lehen edizioa.


