Taberna, oraingoz eta hainbat saioren ondoren, itxita egongo da zerbitzua esleitzea lortu arte
ATXONDO | Atxondoko igerileku denboraldia hastear dago. Ostiral honetan, ekainak 21, irekiko da eta irailaren 1era arte egongo da zabalik, astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00etara.
Atxondoko Udalak igerilekuen kudeaketa zuzena berreskuratu du aurten, eta azpiegiturak hobetzeko hainbat obra egin ditu hastear dagoen denboraldiari begira.
Aldaketa nabarmenenak tabernan gertatu dira, bertan hainbat obra egin baititu Udalak. Alde batetik, hormak berriro margotu dira eta sabaia pladur geruza batekin babestu da. Gainera, sistema elektriko osoa berritu da.
Bestalde, sukaldeko etxetresna elektriko gehienak berriak dira, hala nola ontzi-garbigailua. Armairu berriak ere jarri dira. Gainera, orain aldagela txiki bat dago taberna barruan.
Lan horien helburua igerilekuan eskaintzen den zerbitzua hobetzea eta Osasun Sailak eskatzen dituen baldintza batzuetara egokitzea da. Taberna eraberritzeko 46.520 euroko inbertsioa egin behar izan da.
Udalak hainbat saiakera egin ditu tabernaren kudeaketa esleitzeko, baina oraingoz ez da lortu. Orain beste aldi bat ireki da interesdunek beren proposamenak aurkez ditzaten.
Igerilekuari dagokionez, ura berrerabiltzeko sistema konpontzeko lan txiki batzuk egin dira.
Liburutegi Txokoa
Aurten Liburutegi Txokoa berreskuratuko da. Horrela, igerilekuko sarreran liburutegiko hainbat liburu egongo dira eskuragarri. Nahi duenak liburu bat edo gehiago har dezake igerilekuan dagoen bitartean irakurtzeko, ateratzen denean bere lekuan uzteko baldintzarekin. Adin guztientzako liburuak egongo dira, baita aldizkariak eta egunkariak ere.