1.200 inkesta baino gehiago osatu dira, 219 herritarrek parte hartu dute herritarren mahaietan

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanok “Ametsetatik Herrira” parte-hartze prozesuaren amaiera-ekitaldia ospatu zuen eguen honetan, udalerriaren etorkizuna irudikatu eta eraikitzeko gobernu-taldeak bultzatutako ekimen estrategikoa.
Proiektu honek parte-hartze historikoa izan du: 1.245 inkesta osatu dira, 219 herritarrek herritarren mahaietan parte hartu dute, eta 67 enpresa eta elkarte baino gehiagok ere beren ideiak, proposamenak eta ikuspegiak partekatu dituzte, Amorebieta-Etxano jasangarriagoa, biziagoa eta kohesionatuagoa kolektiboki diseinatzeko.
“Ametsetatik Herrira” herritarrei entzuteko eta komunitatearen ametsak benetako politika eta proiektuekin lotuko dituen plan estrategiko bat eraikitzeko helburuarekin sortu zen. Hainbat hilabetez, ekimenak online inkestak, aurrez aurreko topaketak eta sektoreka antolatutako saioak izan ditu, baita elkarte, enpresa, artista eta kirolariei egindako kontsultak ere. Horri esker, adin guztietako herritarren 7.000 ekarpen baino gehiago bildu dira.
Emaitzak lau bloke handitan egituratu dira, herritarren lehentasunak eta etorkizunerako aukerak laburbiltzen dituztenak:
- ardatza: Amorebieta-Etxanoko eraztun berde handia
Herritarrek natura udalerriaren etorkizuneko funtsezko zutabeetako bat dela identifikatzen dute, eta inkestatutako pertsonen % 30,2k uste dute “berdea” dela etorkizuneko Amorebieta-Etxano hobekien definitzen duen hitza. Lehentasun horri erantzuteko, parkeak, ibaiertzak eta gutxi erabiltzen diren espazioak sare bizi eta birnaturalizatu bihurtzea planteatzen da, uholdeetatik babesteko, biodibertsitatea hobetzeko, auzoak konektatzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko.
Nazioarteko hainbat proiektuk, hala nola, Sesveteko Lorategi Terapeutikoak (Kroazia), Grønningen-Bispeparken Climate Park-ek (Kopenhage) edo Tiny Forest-ek (Herbehereak), erreferentzia gisa hartu dira ardatz hau definitzeko.
Helburua Amorebieta-Etxano naturalagoa, osasungarriagoa, konektatuagoa eta erresilienteagoa eraikitzea da, non natura hiri-azpiegitura gisa integratuko den, bizi-kalitatea, mugikortasuna eta gizarte-kohesioa hobetzeko.
- ardatza: Herritarren bizikidetzan oinarritutako hirigintza
Amorebieta-Etxanoko hirigintza-etorkizuna herri gizatiarrago, irisgarriago eta konektatuago gisa ulertzen da; bertan, kaleak, plazak eta parkeak bizikidetza eta eguneroko bizitza sustatuko dituzten gune erakargarri bihurtuko dira.
Superkilen Park-a (Kopenhage) adibidetzat hartuta, helburua da hiri-ingurune funtzional, sortzaile eta dinamikoak sortzea, gizarte-harremanak eta udalerriaren bizitasuna sustatzeko.
Erdigunearen eta eremu estrategikoen oinezkotzeak lehentasuna izaten jarraituko du, trafiko pribaturako espazioa murriztuz eta mugikortasun aktiboa erraztuko duten ibilbide seguruak sustatuz. Asmo nabarmenen artean daude trenbidea lurperatzea edo lokal hutsak aktibatzea, tokiko ekintzailetza bultzatzeko.
- ardatza: Kultura berriak eta kirol-jarduerak hartzeko espazio biziak
Amorebieta-Etxanoko kulturaren eta kirolaren etorkizuna ez da soilik jardueren eskaintza zabaltzea, baizik eta jarduera hori garatzen den espazioak birpentsatzea. Zornotza Aretoa bezalako ekipamenduek edo Urgozo bezalako erabilera anitzeko espazio berriek leku irekiago, malguago eta egunerokoagoetara bilaka dezakete, urte osoan zehar aisialdia, sorkuntza, kirola, topaketak eta partaidetza hartzeko gai diren espazio bihurtuz.
Kulturaren arloan, hainbat ekintza proposatzen dira, esaterako, Zornotza Aretoa eguneroko kultur topagune gisa birdiseinatzea edo barruko industria-espazioak berraktibatzea, kirol, kultura eta gazteriari lotutako gune bihurtzeko.
Kirolaren arloan, berriz, hiru ardatz osagarritan egituratutako kirol-plan bat sortzea proposatzen da: Mugitu, pertsona guztiei kirolerako sarbidea errazteko; Bizi, bizikidetza eta harreman sozialak sustatzeko; eta Zaindu, ohitura osasungarriak sustatzeko eta kirol-instalazio moderno, irisgarri eta ondo zainduak bermatzeko.
- ardatza: Amorebieta-Etxano, etorkizuna duen herria
Ardatz honek hiri-hazkunde ordenatua, jasangarria eta ekitatiboa bilatzen du, etxebizitza eskuragarria, enplegu-aukera eta guztiontzako bizi-kalitatea duena. Inkestaren arabera, pertsonen % 84,6 udalerrian errotuta sentitzen da, eta % 82 harro dago bertan bizitzeaz.
Horretarako, ardatz honek hainbat proposamen jasotzen ditu, besteak beste, etxebizitza-eredu berriak sortzea, etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin eta errotzea zein komunitate-sentimendua sustatzeko; baita erabilerarik gabeko eremuetan hiri-espazio berriak sortzea ere, deszentralizazioa bultzatuz. Era berean, Udalaren eta herritarren arteko denbora errealeko komunikazio-sistema ezartzea proposatzen da, konfiantza, segurtasun-sentsazioa eta komunitatearekiko atxikimendua indartzeko, eta gure adinekoen zaintza eta bizitza aktiboa sustatuko dituen egoitza-komunitate ireki bat sortzea ere planteatzen da.
Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Ametsetatik Herrira ekimenean parte hartu duten pertsona, elkarte eta enpresa guztiei. “Konpromisoa, ilusioa eta sormena funtsezkoak izan dira udalerriaren etorkizuna gidatuko duen lehentasun, amets eta proposamenen bide-orri partekatua eraikitzeko. Ekarpen bakoitzak, txikia iruditu arren, proiektu kolektibo sendo eta handinahi bat sortzen lagundu du”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.
Ekimen honek herritarren parte-hartzeko eta kohesiorako gaitasuna ez ezik, etorkizuna elkarlanean eraikitzearen garrantzia ere adierazten du. “Ametsetatik Herrirak erakusten du udalerri batek elkarrekin amestu eta erabaki dezakeela, ideiak proiektu ukigarri bihurtuz eta herritarren eta erakundeen arteko lotura sendotuz. Prozesu horri esker, Amorebieta-Etxano etorkizun berdeago, gizatiarrago eta biziago baterantz doa, non herritar bakoitzak zeregin aktiboa duen bere herriaren eraikuntzan”, amaitu du alkateak.


