DOT Durangaldea

Leartibai Bertotik ekimenak Lea-Artibaiko zaporeak, ondarea eta tradizioak ezagutzeko aukera paregabea

Urriaren 17tik azaroaren 8ra bitartean hogei jarduera baino gehiago antolatu dira eta eskualdeko zazpi jatetxek menu berezia eskainiko dute bertoko produktuekin

 

Lehen sektorearen lana eta tokiko ekoizleen errealitatea gertutik ezagutzea du helburu nagusi

LEA-ARTIBAI| Lea-Artibai eskualdeak bere nortasuna, kultura eta altxor gastronomikoak erakusteko ataria zabaldu berri du Leartibai Bertotik ekimenaren edizio berriarekin. Leartibai Fundazioak antolatutako egitarau honek, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, herritar zein bisitariak gonbidatzen ditu eskualdea “den bezala” ezagutzera urriaren 17tik azaroaren 8ra bitartean.

Hogei proposamen baino gehiago biltzen dituen egitarauak lehen sektorearen lana eta tokiko ekoizleen errealitatea gertutik ezagutzea du helburu nagusi. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, esperientzia honek lotura zuzena eraiki nahi du lurraldearen, bertako elikagaien eta sukaldaritzaren artean. Horretarako, ibilbide interpretatiboak, historia eta ondare guneetara bisitak, landa zein itsas munduko esperientziak eta upeltegi zein ustiategietara irteerak prestatu dituzte.

Aukera zabal horren barruan, parte-hartzaileek Gizaburuagako Oibarko kobazuloa bisitatu ahal izango dute, Markina-Xemeingo Alde Zaharra zein Arretxinagako San Migel baseliza ezagutu, edo Lekeitioko Mendieta Ontziolan erriberako arotzeriaren tradizioa bertatik bertara ikusi. Halaber, Ispasterren Km 0 baserrien historia ezagutzeko irteerak egingo dira, Mendexan Talai-Azpia upeltegiko bisita eta katan murgildu, edota Ondarroan neskatilen lanbidea eta lonja barruko arrain dastaketa bizi. Bestalde, kultura eta ondarea lotuz, Ziortza-Bolibarko monastegira eta Simon Bolivar museora bisitak ere egitarauan sartu dituzte.

Egun bereziak zazpi jatetxeetan

Eskaintza gastronomikoa borobiltzeko, ekimena egingo den asteburuetan eskualdeko zazpi jatetxe erreferente batuko dira egitasmora menu bereziak eskainiz. Zehazki, Etxebarriako Antsotegi eta Olaia, Ziortza-Bolibarko Ikestei, Lekeitioko Egaña, Ispasterreko Herriko Taberna, Berriatuko Zentrala eta Ondarroako Batzokia jatetxeetan ‘Leartibai Bertotik’ menua dastatzeko aukera egongo da, bertoko produktuez osatua eta gure ekoizleen lana balioan jartzeko diseinatua.

Parte hartu nahi dutenek www.leartibaiturismo.com webgunearen bidez edo 645 009 477 telefono zenbakira deituz eman dezakete izena aurretiaz.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top