DOT Durangaldea

ETSk 560.000 euroan esleitu du Ermua eta Eibar arteko trenbidea bikoizteko azterlana

Proiektuak 2 kilometroko saihesbidea, Errotabarri eta San Lorentzo ordezkatuko dituen geltoki berria eta bi trenbide-pasagune kentzea aurreikusten du

Lan hauek Dair Ingenieros S.L. enpresak egingo ditu

ERMUA / EIBAR. Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailari pidatzia, urrats garrantzitsua eman du Bilbo-Donostia linearen azpiegitura modernizatzeko. Erakundeak Ermuko geltokiaren eta Eibarko Unibertsitateko geralekuaren arteko trenbide-saihesbidearen informazio-azterlana idazteko lana esleitu du.

Lan hauek Dair Ingenieros S.L. enpresak egingo ditu, 560.016,10 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Geltoki integratu berria

Aztergaia den tartea lineako 44+830 eta 46+700 kilometro-puntuen artean kokatzen da. Gaur egun, zati honek muga handiak ditu trenbide bakarra izateagatik, bi trenbide-pasagune egoteagatik eta elkarrengandik oso gertu dauden bi geraleku izateagatik, eta horrek guztiak ustiapenaren maiztasuna, segurtasuna eta hiri-integrazioa baldintzatzen ditu.
Informazio-azterlanak honako jarduketa nagusi hauek gauzatzeko alternatibarik onenak zehaztuko ditu:
  • Trenbidea bikoiztea: 2 kilometroko luzera duen trazatu berria eta bikoitza diseinatzea.
  • Geltoki bateratu berria: Errotabarriko eta San Lorentzoko egungo geralekuak ordezkatuko dituen geltoki bakarra eraikitzea.
  • Bi pasagune kentzea: San Lorentzoko ibilgailuen pasagune automatizatua eta Errotabarriko oinezkoen pasagunea baliogabetzea, segurtasuna indartzeko eta herriaren iragazkortasuna hobetzeko.

Erronka geoteknikoa eta orografikoa

Ermuko hiri-garapen handiak eta orografia konplexuak azterketa sakona eskatzen dute. Hori dela eta, ingeniaritza-lanak korridorearen azterketa geologiko zehatza, ustiapenaren analisi funtzionala eta eragindako zerbitzu publikoak berrezartzeko proposamenak jaso beharko ditu.
Proiektu honi esker, Euskotrenen zerbitzuak segurtasuna irabaziko du, bidaia-denborak murriztuko dira eta ezaugarri tekniko hobeak lortuko dira Durangaldea eta Debabarrena lotzen dituen ardatz nagusian.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top