Ekainetik irailera bitartean, adin guztientzako proposamenak uztartuko ditu programazioak

DURANGO | Durangok gaur goizean aurkeztu du Uda Giro programazioaren edizio berria. San Agustin Kultur Guneak antolatutako zikloak kultura herriko plaza, parke eta bestelako espazio publikoetara eramango du berriro ere uda osoan zehar. Guztira hamahiru proposamen eskainiko dira ekainaren 23tik irailaren 5era, adin guztietako herritarrei zuzenduta. Zirkoa, antzerkia, musika, dantza garaikidea, zinema, magia, bertsolaritza eta performancea izango dira programako ardatz nagusiak.
Aurkezpenean, Paule Sanchez Kultura zinegotzi eta San Agustin Kulturguneko presidenteak nabarmendu du helburua Durango “aire zabaleko agertoki handi” bihurtzea dela, kultura herritarrengana hurbilduz eta tokiko talentua balioan jarriz. Programazioan hainbat artista durangarrek hartuko dute parte (Irati Bilbao, Iñaki Jaio, Aroa Blanco edota Oskar Lu, esaterako), eta eguraldi txarra eginez gero, emanaldi guztiek estalitako ordezko gune bat izango dute.


