Lizitazioak egikaritze-proiektua idaztea, obraren zuzendaritza eta jarraipena egitea, baita Plateruena Musika Aterpearen erreformaren segurtasun eta osasun koordinazioa ere jasotzen ditu

DURANGO | Durangoko Udalak beste lizitazio-prozesu bat ireki du, Plateruena Musika Aterpea eraikina eraberritzeko egikaritze-proiektua idazteko, obra zuzentzeko, jarraipena egiteko eta segurtasuna eta osasuna koordinatzeko zerbitzuak kontratatzeko. Ekimen honen helburua Plateruena kultura- eta musika-erreferentzia zentro gisa sendotzea da, herritarrentzat zein jardueretan parte hartzen duten artistentzat espazio moderno, seguru eta irisgarria eskainiz.
Plateruenak Durangoren bilakaera adierazten duen historia du. 1884an eraiki zen udal hiltegi gisa, 2000. urtean kultur zentro bilakkatzeko birgaitu zen, eta 2003tik, ostalaritza jarduerak eta kultur ekitaldiak hartu ditu, gaur egun Astarloa Kulturgintzak kudeatzen dituenak. Bere ibilbideak erakusten du eraikin historiko bat nola egokitu daitekeen herritarren behar sozial eta kulturaletara.
Higiezinak 1.186 m² ditu eraikita, sotoaren, beheko solairuaren, solairuartearen eta lehen solairuaren artean banatuta, erakustaldi, tailer eta biltegietarako espazio erabilgarriekin, eta horrek ekitaldi desberdinetarako erabileren aldakortasun handia ahalbidetzen du. Erreformaren bidez, musika erakustaretoa berreskuratu eta optimizatu nahi da, edukiera ekitaldi motaren arabera egokituz eta prestakuntzarako, musika sorkuntzarako, aurkezpenetarako eta foroetarako espazio osagarriak txertatuz. Gainera, ostalaritzako gune bat prestatuko da beheko solairuan, sukaldea eta tabernako barra izango duena. Esku-hartzea faseka egingo da, dagoena berreskuratzea eta baliabideak optimizatzea lehenetsiz.
Kontratua bi lotetan dago antolatuta. Lehenengoak proiektuaren idazketa eta obraren zuzendaritza hartzen ditu, plangintza, kalitate-kontrola eta arauen gainbegiratzea ziurtatuz. Bigarrena segurtasunaren eta osasunaren koordinazioan zentratzen da, obran lan egiten duten pertsona guztien babesa eta prebentzio-neurrien betetzea bermatuz. Bi loteak efizientzia, iraunkortasun, irisgarritasun eta inklusio irizpideekin garatuko dira.
Kontratuaren aurrekontua, BEZik gabe, 82.644,63 eurokoa da. Interesa duten enpresek ekainaren 19ra bitarte aurkeztu dezakete eskaintzak edo parte hartzeko eskaerak, Durangoko Udalaren kontratatzailearen profilaren bidez.
Behin betiko proiektua 2026aren amaierarako prest egotea eta obraren zuzendaritza eta gainbegiratzea 2027aren hasierarako martxan izatea aurreikusten dira.


