Interesa duten pertsonek ekainaren 23ra bitarte aurkeztu ditzakete proposamenak eta iritziak www.partehartu.durango.eus webgunean

DURANGO | Udalak kontsulta publiko bat abiatu du beheko solairuko lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza berri bat egiteko. Kontsulta horren helburua da herritarren parte-hartzea bermatzea eta iritziak modu irekian eta gardenean jasotzea, proposatutako aldaketei buruzko elkarrizketa sustatuz.
Ordenantzak lokalen erabilera aldatzea erraztu nahi du, irizpide tekniko, urbanistiko eta sozialei jarraituz. Lurzoru berririk erabili gabe etxebizitzen kopurua handitzea, dauden eraikin eta lokalen erabilera eraginkorra hobetzea eta gutxiegi erabilitako lokalen jabeei irtenbideak eskaintzea bilatzen du.
Gaur egun, desdoikuntza bat dago etxebizitza-eskaintzaren eta eskaera sozialaren artean, eta hori indartu egiten da biztanleriaren hazkundearen eta etxekoen unitateen tamainaren murrizketaren ondorioz. Aldi berean, hutsik dauden merkataritza-lokal asko aukera bat dira auzoak biziberritzeko, lehendik dauden eraikin eta lokalei erabilera hobea emateko eta bizitegi-eskaerari erantzuteko, hirigune berrietan eraiki beharrik gabe.
Ordenantza Durangoko lehen Etxebizitza Planari erantzuteko sortu zen. Plan horren arabera, hutsik dauden lokalak etxebizitzen erabilgarritasuna handitzeko neurri estrategikoa dira. Arauketak argi eta garbi zehazteko aukera emango du bihurtzeko egokiak diren eremuak, lokalek bete behar dituzten ezaugarriak eta beharrezko prozedurak, udal-araudia eta lokalen bizigarritasunari eta egokitzapenari buruzko legeria autonomikoarekin bateratuz.
Interesdunek ekainaren 23ra bitarte aurkeztu ditzakete proposamenak www.partehartu.durango.eus webgunean, eta bertan ordenantza berriaren inguruko xehetasuna guztiak kontsultatu dezakete.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu duenez, ekimen honek udalerriko erronka nagusietako bati erantzuten dio: etxebizitzarako sarbidea erraztea, lehendik dauden herri baliabideak modu arduratsuan baliatuz. “Durango bizigarriago eta orekatuago baterantz aurrera egin nahi dugu, gaur egun hutsik dauden eta kalitatezko etxe bihur daitezkeen lokalei aukera berri bat emanez. Ordenantza honi esker, etxebizitza eskaintza handitu dezakegu lurzoru berririk erabili gabe, Etxebizitza Babestuen eta tasatutako etxebizitzen sustapena ere bultzatuz, eta, aldi berean, gure auzoak biziberritzen eta hiri ingurunea hobetzen laguntzen dugu. Gainera, funtsezkoa da prozesu haui herritar guztien parte-hartzearekin eraikitzea, eta, beraz, kontsulta publikoaren aldian bizilagunei beren ekarpenak eta iritziak helaraztera dei egiten diegu”, adierazi du.


