Mugimenduak martxoaren 27an hasi ziren eta, momentuz, ez dute akordiorik lortu

IURRETA | Gaursako Rentacar saileko mobilizazioek, joan den martxoaren 27an hasitakoek, aurrera darraite. Astelehen honetan enpresaren eta langileen artean egindako bilera, berriz ere, akordiorik gabe itxi da. Hiru aste baino gehiagoko grebaren ostean, gatazkak bere horretan jarraitzen du: zuzendaritzak hobekuntza ekonomikoak aztertzeari uko egiten diola azaldu dute.
Sindikatuen iturriek adierazi dutenez, proposamen “minimalista, zentzuzkoa eta egokitua” aurkeztu dute mahai gainean. Proposamen horren helburua saileko baldintza ekonomikoak eta lan-baldintzak eguneratzea da, horietako asko urteetan berrikusi gabe baitaude. Langileen esanetan, oinarrizko doikuntzak dira, Gaursa bezalako enpresa batek bere gain hartu ditzakeenak, batez ere taldeko beste arlo batzuetan soldata-berrikuspenak aplikatu direla kontuan hartuta.
Ekintza berriak
Enpresak, ordea, bere jarrerari eutsi dio eta eduki ekonomikoa negoziatzeari uko egin dio. Bere planteamendua antolaketa-gaietara mugatu du, baina langileentzat hori ez da nahikoa gatazka amaitzeko. “Baldintza ekonomikoei buruzko benetako negoziaziorik gabe, ezin da gatazka itxi”, adierazi dute.
Rentacar saileko langileek salatu dute historikoki baztertuta geratu direla soldata kontuetan, eta eskatzen duten eguneratzeak lan-baldintzak duintzea besterik ez duela bilatzen.
Aste honetako bileran aurrerapausorik eman ez denez, mobilizazioek aurrera jarraituko dute. Langileek greba mantentzen dute eta ez dute baztertzen ekintza berriak abiatzea, enpresak negoziazio ekonomikorako bidea irekitzen ez badu.


