Neguko ordutegian sartuko gara: 03:00etan erlojua 02:00etara atzeratu beharko da

EGURALDIA | Larunbata hodei ugarirekin hasiko da iparraldean. Kostaldean, bereziki Gipuzkoako ipar-ekialdean eta Lapurdin, goizaldean edo goizeko lehen orduetan zaparradaren bat bota dezake.
Hala ere, egunak aurrera egin ahala, egoera aldatuko da: euria eten egingo da, mendebaldeko haizeak indarra galduko du eta ostarteak gero eta zabalagoak izango dira. Hegoaldean, eguzkia eta zeru garbiagoak goizetik nagusituko dira. Eguzki-ordu gehiago izango direnez, tenperatura maximoak pixka bat igo daitezke.
Igandea: ordubete gehiago
Igandean larunbateko joerari eutsiko zaio, eta eguraldiak hobera egingo du lurralde osoan. Hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, baina giro lehorra nagusituko da oro har. Tenperaturak atseginak izango dira, eta aire zabaleko planak egiteko aukera egongo da bai kostaldean, bai barnealdean.
Eguraldiaz gain, kontuan hartu beharreko beste hitzordu bat ere badago: larunbatetik iganderako goizaldean neguko ordutegian sartuko gara. Hala, igande goizaldeko 03:00etan erlojua ordubete atzeratu eta 02:00ak izango dira. Beraz, ordubete gehiago izango dugu lo egiteko, igande eguzkitsu eta atseginari ekin aurretik.


