DOT Durangaldea

Etxanobek Durangoko ikasleekin Super‑Ego Tools bisitatu du Industria Erronka programaren barne

Diputatu Nagusiak industriaren egunerokotasuna eta sektoreak eskatzen dituen profil profesionalak gerturatu dizkie

Ostiral honetan izandako bisitaren irudia

ABADIÑO | Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Abadiñoko Super-Ego Tools (Rothenberger Taldeko enpresa) bisitatu du gaur Durangoko Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin batera, Industria Erronka dela-eta antolatutako jardueren barruan. Ekimen hori Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioak (FVEM) sustatzen du, industria Bizkaiko gazteei hurbiltzeko. DBHko 3. eta 4. mailako ikasleek parte hartu duten bisitan, eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin batera izan dira Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, Ainara Basurko; FVEMko presidentea eta zuzendaria, Begoña San Migel eta Adolfo Rey, eta Super-Ego Toolseko zuzendari nagusia, José Buces.

Jardunaldiari hasiera emateko, konpainiaren eta Industria Erronka programaren aurkezpena egin da, eta, ondoren, ibilbide bat egin dute aurten 80 urte betetzen dituen enpresaren ekoizpen-plantan zehar. Horrela, ikasleek bertatik bertara ezagutu dituzte industria-prozesuak, erabilitako teknologiak eta Bizkaiko industria-sektoreak eskatzen dituen lanbide-profilak.

Bisitan zehar Elixabete Etxanobek azpimarratu duenez, “industria da Bizkaiko oraina eta etorkizuna eraikitzeko zutabeetako bat, eta funtsezkoa da gazteengana hurbiltzea, eurengan bokazioak pizteko eta gure enpresek behar duten talentua dugula bermatzeko”. Era berean, Industria Erronka bezalako ekimenek duten balioa nabarmendu du, hezkuntza-arloa enpresa-errealitatearekin lotzen baitute eta ikasleei benetako erreferenteak eskaintzen baitizkiete.

Bestalde, FVEMeko presidente Begoña San Miguelek nabarmendu du erakundeen, enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetzak garrantzi handia duela talentu gaztea sustatzeko, eta gogorarazi du programa horri esker belaunaldi berriei gaur Bizkaian garatzen den industria berritzaile, teknologiko eta jasangarria erakutsi ahal zaiela.

Super-Ego Tools enpresaren instalazioetan egin da jarduera. Enpresa hori Rothenberger Taldekoa da, eta nazioarteko erreferentzia sendoa da iturgintzarako, klimatizaziorako eta industria-instalazioetarako erreminta eta makineria profesionalaren fabrikazioan.

Bisitan zehar, FVEMk Bizkaia with the Talent lankidetza-estrategiari egiten dion ekarpena nabarmendu da. Estrategia hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du, lurraldeko talentuaren erronkari aurrea hartzeko. 42 erakunde, enpresa, ikastetxe eta ekosistemako eragile biltzen dituen ekimen bat da, STEM bokazioak bultzatzeko, talentua garatu eta erakartzeko eta Bizkaiko enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko sortua.

Industria-arloko bokazioak

Industria Erronka funtsezko ekimen gisa finkatu da industria gazteengana hurbiltzeko eta talentuaren erronkari erantzuteko, horixe baita sektorearen erronka nagusietariko bat. 2018an abian jarri zenetik, Bizkaiko 26.000 ikaslek baino gehiagok zuzenean ezagutu dute lurraldeko industria-errealitatea programa honen bitartez, non enpresetara egiten diren bisitak, ikastetxeetako saioak eta benetako erronketan oinarritutako jarduerak konbinatzen baitira. Aurtengo edizioan, 68 ikastetxetako 7.000 ikaslek parte hartu dute. 113 bisita egin dira industria-enpresetara, eta sektoreko 64 konpainiaren inplikazioa lortu da; besteak beste, Super-Ego Tools enpresarena.

Programak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du, eta STEM bokazioak bultzatzeko eta Bizkaiko industriak lehiakorra eta berritzailea izaten jarraitzeko behar duen talentua garatzeko ahalegin partekatuaren barruan kokatzen da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top