DOT Durangaldea

San Prudentzio jaiek musikaz, kirolez eta festa giroz beteko dute Traña‑Matiena

Apirilaren 27tik maiatzaren 10era, auzoak etenik gabeko egitaraua eskainiko du

Jaiei apirilaren 27an emango diete hasiera

ABADIÑO | San Prudentzio jaiek musikaz, kirolez eta festa giroz beteko dute Traña‑Matiena. Apirilaren 27an emango diete hasiera jaiei, Donien Atxa jasota, eta maiatzaren 10era arte luzatuko dira.

Hamar egun eskas falta dira San Prudentzio jaiei hasiera emateko, eta Traña‑Matiena auzoan azken prestaketak egiten ari dira. Jaiei apirilaren 27an emango diete hasiera, Donien Atxa jasotzeko ekitaldiarekin. Iluntze taldeak dantza saioa eskainiko du Txanbolin Txistu Taldearekin batera, eta urteko pertsonarik ospetsuena omenduko dute. Maiatzaren 10era arte, etenik gabeko jarduera sorta zabala antolatu dute Abadiñoko Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean.

Maiatzaren 1ean, herritarrek euren mozorrorik irudimentsuenak aterako dituzte kalera. Aurtengo gaia “Munduko mitologiak” izango da. Eguerdian herri bazkaria egingo da frontoian, eta 19:00etan mozorro kalejira izango da Trañabarren kalean.

Asteburu osoan zehar, musika, ikuskizunak, umeentzako jarduerak eta tortilla zein paella txapelketak egingo dira, besteak beste.

Jaien bigarren asteburuan, San Prudentzio esku pilota txapelketaren finala jokatuko da. Horrez gain, bertso saioa izango da Errota Kultur Etxean: Igor Elortza, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Irune Basagoiti ariko dira kantuan. Horiez gain, Gazte Eguna, herri kirolak, nagusien bazkaria eta kontzertuak ere izango dira. Donien Atxa botata, maiatzaren 10ean emango diete amaiera San Prudentzio jaiei.

Udal gobernu taldeak nabarmendu duenez: “Herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu jaiez gozatzera eta programatutako jardueretan parte hartzera, beti ere errespetuan oinarrituta, pertsona guztiek egun hauek jai giroan eta modu seguruan bizitzeko aukera izan dezaten”.

Erasoen aurka

Jai‑eremuan gerta daitezkeen indarkeria matxistaren aurkako egoerei aurre egiteko, Udalak informazio eta arreta gunea jarriko du. Helburua da herritarrak kontzientziatzea eta, aldi berean, erasoren bat jasan duten edo egoera deserosoren bat ikusi duten pertsonak artatzea.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top