Ipar-mendebaldeko eta iparraldeko haizea ibiliko da

EGURALDIA | Larunbatean tenperatura zertxobait jaitsiko da eta hodei gehiago agertuko dira. Ostarteak ere izango ditugu, baina hodeiak aurreko egunean baino ugariagoak izango dira, batez ere Kantauri isurialdean; bertan behe-hodeiek zerua estaliko dute eguneko hainbat momentutan. Hegoaldean, berriz, giroa argiagoa izango da. Maximoak apur bat jaitsiko dira, eta kostaldetik gertu 20 ºC azpitik geratuko dira; barnealdean, aldiz, 21-23 ºC artean ibiliko dira. Arratsaldean hegoaldeko eskualdeetan ezegonkortasun pixka bat izan liteke eta baliteke zaparrada trumoitsuren bat egitea bertan. Ipar-mendebaldeko eta iparraldeko haizea ibiliko da, indar handirik gabe.


