DOT Durangaldea

Gaur 130 ekoizle inguruk eta 110 abelburuk osatuko dute San Blas eguneko azoka

Eusko Jaurlaritzak dermatosi nodularra hedatzea eragozteko jarritako neurriak errespetatuz, ez da behirik ez idirik egongo

Abadiñok San Blas eguneko tradizioari eusten dio.

ABADIÑO | Gaur egun garrantzitsua izango da Abadiñon, San Blas azoka ospatzen bait da. Aldi hau berezia izango da: behien artean zabaldutako dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea eragotzi nahi denez, ez da behirik eta idirik egongo azoan. Udalak zein herriko eragileek, hala ere, eskaintza zabala prestatu dute. Denera, 130 ekoizle inguru eta 110 abelburu izango dira plaza eta txoko desberdinetan. Martitzena bada ere, jende ugari batzea espero du Udalak, eta jai giro bikainaz gozatzera gonbidatu ditu herritarrak.

Gune nagusia Trinketeko aparkalekuaren inguruan egongo da. Bertan, BBK-ren laguntza jasotzen duen nekazaritza azoka egongo da. Aurten, honako ekoizle hauek izango dira, besteak beste: ogi eta gozogintza (22), gazta (14), ortuariak (5), eztia (9), denetariko produktuak (7), sagardo eta txakolina (5), txerriki eta okela (7), kontserbak (7) eta patea (6). Aurreko urteetan egin bezala, bi sari banatuko dira aurten ere: fruta eta barazki-postu onena eta nekazaritza-azokan ondoen apaindutako postua. Berritasun bezala, 10:30ean, Euskal Herrian ekoizten diren gazta desberdinen dastaketa komentatua egingo da azokan.

Txanporta plazan, berriz, artisautza azoka egongo da ikusgai. 27 postu egongo dira guztira, eta larruzko postuak, bitxigintza, kosmetika naturala, modu artisauan eta jasangarrian egindako arropak egongo dira ikusgai, besteak beste. Trinketearen atzealdean jarriko dira abeltzaintza-azokarako karpa irekiak, eta trinketeko aparkalekuan egongo da landareen gunea (mintegiak), zortzi postu hain zuzen ere.

Aurten, 110 abelburu izango dira abeltzaintza azokan. Tartean, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta astoak egongo dira. Goiz osoan zehar, zaldiak mozteko eta ferratzeko erakustaldia egingo da eremu horretan. 11:00etan, berriz, euskal artzain txakurren erakustaldia egongo da.

Gaztañodi parkeak nekazaritzako makineriaren gunea hartuko du, hiru kaletan zehar banatuko diren 12 erakuslerekin. Gainera, San Blasek burdingintza, egurrezko tresnak eta saskigintza eta uhalgile tradizional bat hartuko dituen gunea izango du. San Blaseko erroskilla eta opil postu tradizionalek (20) jarraituko dute, eta talo-txosnak (8) izango dira berriro, Trinketeko aparkalekuan eta Ferialeku plazan.

Aizkolarien I. San Blas kopa

Egunean zehar kultur eta kirol-jarduera ugari izango dira. Txanbolin Txistulari elkarteak hasiko du eguna, azoka zabalduko du kalejira eginez. 12:00etan, Txaber Altube, Garikoitz Sarriugarte eta Bittor Altube bertsolariak arituko dira kantuan Ferialeku plazan.

Herri kirolek, bere aldetik, proposamen berritzaile bat eskainiko dute: lehen aldiz, aizkolarien San Blas kopa jokatuko da. Euskal Herriko punta-puntako aizkolariek parte hartuko dute. Tartean, Iker Vicentek eta Oihana Fernandez de Barrenak. 12:00etan izango da hori, probalekuan. 18:00etan, berriz, zaldi probak egongo dira probalekuan.

Arratsalde-gau partean, musika izango da protagonista: Muxutruk erromeria eta DJ Bull eta Dj Reimy arituko dira giroa alaitzen.

Egokitzapenak egokitzapen, udal gobernu taldea eguna heltzeko gogotsu dago: “San Blas azoka egun esanguratsua da Abadiñorentzat. Udal langileek, elkarteek eta boluntarioek hainbat aste daramatzate lanean azoka zein San Blas eguneko egitaraua antolatzeko. Eusko Jaurlaritzaren neurriak errespetatuz, aurtengo azokan ez da behirik eta idirik egongo, baina, denon artean, konponbideak bilatu ditugu eta azoka biribila izango dela uste dugu”.

Iaz bezala, doako udal garraio zerbitzua eskainiko da joan-etorriak errazteko. Bi autobus izango dira Traña-Matiena-Zelaieta ibilbidea eginez, 9:00etatik 16:00etara, abadiñarrei zein trenez edo autobusez datorren jendeari zuzendua.

Burduntziko bildots txapelketa

Otsailaren 7an, XXXVI. Burduntziko bildots txapelketaren barruan, 50 bat bildots erreko diren ohiko “bildots jana” egingo da Zelaietan. 14:00etan herri bazkaria izango da probalekuan. Urtarrilaren 30era arte eman daiteke izena, eta bazkarirako txartelak (15€) Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan erosi ahal izango dira otsailaren 2tik aurrera.

Ardi txakurren txapelketa

Gaur, 11:00etan, Abadiñon, Jubilatuen Tabernaren aurrean, Abadiñoko Artzain Txakurren Txapelketa ospatuko da, artzain-txakurren lehiaketa tradizionala, artzainek artaldearekin duten trebetasuna, obedientzia eta koordinazioa erakusteko.

Baieztatutako parte-hartzaileak eta lorpen nabarmenak:

Carlos Ardanzak eta Mendik irabazi dituzte Bizkaiko 59. Artzain Txakur Txapelketa eta 2025eko iraileko Euskal Herriko Txapelketa.

Kepa Ardanzak eta Urbi txakurrak Bizkaiko eta Euskal Herriko txapel ugari ditu, eta eskualdeko artzainik sarituenetako bat bilakatu da.

José Miguel Echebarría eta Soli txakurra lehiakide nabarmena da Bizkaian, eta haren trebetasuna are nabarmenagoa da entzumen- eta ahots-urritasunarekin parte hartzen duenean, txakurrarekin lotura handia baitu.

Angel Azkorbebeitiak eta bere txakurrak, Lutxik, Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelketetan postu garrantzitsuak lortu zituen, eskualdeko lehiaketetan ibilbide ezaguna izan zuelarik.

Aitor Urien bertako artzaina da eta esperientzia handia du artzain-txakurren lehiaketetan, gaztetatik, eta eskualdeko proba tradizionaletan parte hartzen du.

Probak euskal landa-tradizioa sinbolizatzen du, eta animalia-lanaren maisutasuna, dedikazioa eta errespetua nabarmentzen ditu, ganadua gobernatzen eta landa-lanetan trebatutako txakurrak dituzten artzainak kontuan hartuta.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top