Euskal artisautzaren balioa eta kalitatea aldarrikatu ditu aktoreak

DURANGO | 29. Euskal Dendak gaur goizean ireki ditu ateak merkatu plazan. Hasiera ofiziala Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatearen eta Veronica Garcia Arbasoko presidentearen ohiko zinta mozketarekin etorri da. Itziar Ituño aktoreak ere inaugurazio jardunaldian parte hartu nahi izan du.
Astelehenera arte, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Nafarroatik etorritako 53 erakusketari izango dira. Aurten ere, Bizkaiak izango du ordezkaritzarik handiena, hogeita hamar inguru, eta Durangaldeak sei enpresa izango ditu: Eneko Unzalu (bitxigintza, Durango), Veletta (ehungintza, Durango), Gorakat (Elorrio), Politena (Amorebieta-Etxano), Nudamé (Berriz) eta Harri Koskor (Otxandio), azken hori lehen aldiz parte hartzen.


