DOT Durangaldea

Durangok indarkeria matxistaren biktimak omenduko ditu Andra Mari zubian

Andereak elkarteak larunbatean egingo du ekitaldia, A25erako deialdi abolizionista berretsiz

Omenaldia Andra Mariko zubian izango da, 13:00etan

Andereak elkarteak feminizidioaren biktimei egingo die omenaldia larunbat honetan, 13:00etan, Andra Mari zubian. Urtero bezala, lazoak ipiniko dituzte biktimen izenekin, indarkeria matxistak utzitako arrastoa ikusgarri egiteko. Elkarteak ohartarazi du genero-indarkeria ukatzen dutenen kopurua handitzen ari dela, gizon gazteen %23k eta zortzi neskatik batek arazoa “asmakizun ideologikotzat” jotzen baitute. Hori dela eta, nabarmendu dute patriarkatuak “bizirik jarraitzen duela, oraindik ere zenbaitek bere krimenak ukatzen dituztelako”. Herritar guztiei parte hartzeko dei eginez, Andereak elkarteak gogorarazi du indarkeria matxistari aurre egitea “erantzukizun kolektiboa” dela, eta ez soilik esparru pribatura mugatutako arazoa.

Aldi berean, azaroaren 25eko manifestazio abolizistan parte hartzeko deia egin dute. Andereaken arabera, prostituzioa, pornografia bortitza eta emakumeak esplotatzen dituzten alokairuko sabelak “indarkeria matxistaren muturreko adierazpenak” dira, eta gogorarazi dute “ez dagoela askatasunik gorputzak erosten direnean, ez eta baimenik pobrezia eta ahultasuna muturrekoak direnean”. Horregatik, LOASP legearen onarpena eskatu dute, prostituzioan dauden emakumeei —gehienak salerosketa-egoeran— irteerak eta erreparazioa bermatzeko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top