Abenduaren 5etik 8ra bitartean ospatuko da Azoka, eta Durango euskal kulturaren topagune nagusia bihurtuko da

DURANGO | Durangoko Azokak 60 urte beteko ditu aurten, eta mugarri berezi hori baliatuko du bere nortasuna berriz ere indartzeko: euskal kulturaren plaza bizia eta sorkuntzaren jaialdia izateko. Gerediaga Elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiaren hitzetan, “urte berezia izango da, baina gure helburua ez da iragana ospatzea soilik, baizik eta kulturaren alde lanean jarraitzea, urtez urte hobetuz eta egokituz”.
Gaztelurrutiak, prentsaurrekoan, Izaskun Ellakuriaga Bustinzaren lana gogorarazi du, “euskal kulturaren sustapenean egindako ekarpen handiarengatik”. Era berean, adierazi du Azokak ez duela bizkar emango gaur egungo errealitateari:
“Ez da garai erraza, baina kulturak ateak zabaltzen dizkio irudimenari eta pentsamendu kritikoari. Palestinako herria gogoan izango dugu, eta gure ekimenak mundu bidezkoago eta gizatiarrago batera hurbiltzeko balio dezala nahi dugu”.
Lelo berria
Aurtengo edizioak berrikuntza nabarmena dakar: urtero lelo berria sortzeari utzi, eta hemendik aurrera “Kulturaren Jaialdia” izango da Azokaren nortasun marka. “Durangoko Azoka ez da soilik liburu eta diskoen azoka; euskararen, sorkuntzaren eta komunitatearen jaialdia da”, azaldu du Gaztelurrutiak.
Irudi berria
60. edizioko irudia Iratxe Reparaz artistak sortu du, eta hark azaldu du Azokaren izaera ezin dela irudi bakar batean laburbildu: “Diseinua eskuz marraztutako 60 zenbakitik sortu zen, eta ibilbide bat irudikatzen du, orain arte egindakoa eta oraindik egiteko dagoena”.
Reparazek azaldu duenez, kartel anitzek osatzen dute aurten Azokaren unibertso bisuala: “Euskararen eta kulturaren energia bizia islatu nahi izan dugu. Azoka, hizkuntza bezala, mugimenduan dago; aldatzen eta berritzen da”.
Prentsaurrekoan erakunde ezberdinetako ordezkariak ere izan dira. Mireia Elkoroiribe, Durangoko alkateak, eskerrak eman dizkie “Durango euskararen eta kulturaren topagune nagusi bihurtzen duten guztiei”, eta gaineratu duenez, “gure herriak kulturaren plaza izaten jarraitzea guztion lana da”.
Isaac Amezaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, nabarmendu du “helburu partekatuak ditugula: gure kultura, sustraiak eta nortasuna babestu eta partekatu nahi ditugu, eta euskarari merezi duen bultzada eman”.
Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, berriz, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: “Azoka posible egiten duen elkarlana gogora ekarri nahi dut, eta azpimarratu euskarak bizirik jarraitzen duela gure gizartean”.
60 urteko ibilbidea
Durangoko Azokak sei hamarkadako ibilbidea du atzean, baina bere indarra ez da iraganetik elikatzen, etengabeko berrikuntzatik baizik. “Azoka bizia da, eta euskara bezalaxe, mugimenduan dago”, azaldu du Reparazek.