Guztira 110.000 euro inbertitu ditu Udalak lan horietan

ABADIÑO | Uda honetan, Abadiñoko Udalak hainbat hobekuntza- eta mantentze-lan egin ditu udalerriko espazio publikoetan, herritarren segurtasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna areagotzeko helburuarekin. Guztira, 110.000 euro inbertitu dira jarduera horietan.
DBHko ikasleek herria hobetzeko egin zuten parte-hartze prozesuan esandakoak aintzat hartuta, Galizia plazan hainbat esku-hartze egin dira. Eremu batean, lurrean egoteko belar artifiziala jarri da, eta ikasleek LGTBIQ+ koloreak dituen eserleku bat margotu dute, aniztasunaren eta inklusioaren aldeko keinu gisa. Traña-Matienako Haur Hezkuntzako eraikinean, berriz, hainbat gelatako eta eremutako lurzorua berritu da, haurren segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko.
Laubideta auzoan, Laubideta 16 zenbakiaren pareko eskaileretan, baranda jarri da herritarren segurtasuna eta irisgarritasuna areagotzeko asmoz.
Zubibitarteko jolasgunean, berriz, Eroski alboko lakuaren ondoan, mantentze eta hobekuntza lanak egin dira. Alde batetik, lakua murriztu dute oinezkoentzako espazioa handitzeko, eta, lurzoru hori margotu egin dute. Horrez gainera, mahai eta zakarrontzi berriak jarri dira, beste kontu batzuen artean.
Probalekuari dagokionez, polea sistema bat jarri dute elementu astunen mugimendua errazteko. Orain arte, objektu horiek lurrean egoten ziren, eta, horrek, espazioa okupatzeaz gainera, zirkulazioa zailtzen zuen. Esku-hartze honi esker, segurtasuna eta espazioa areagotu dira. Horrez gainera, zaharkituta zegoen probaleku azpiko ate nagusia aldatu da.
Zelaietako frontoian, larrialdietarako ate berri bat jarri da frontisaren alboan. Horrekin batera, aforoa ere handitu da, eta, horrek, frontoian jarduera gehiago egitea ahalbidetuko du: 360 pertsona sar daitezke egun.
“Mantentze eta hobekuntza lan horiekin, Abadiñoko Udalak bat egiten du espazio publikoak hobetzeko eta herritarren bizi-kalitatea areagotzeko duen konpromisoarekin. Egindako obra hauez gain, egun hauetan ere bestelako hobekuntza batzuk egiten ari gara herri puntu ezberdinetan”, adierazi du udal-gobernu taldeak.