DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Argiztapena hobetu dute Abadiñoko hainbat eremutan

Muntsaratzen, Zelaietan eta Traña-Matienan kokatu dituzte LED argi berriak

Udalak 130.000 euroko inbertsioa egin du

ABADIÑO | Muntsaratzen, Zelaietan eta Traña-Matienan kokatu dituzte LED argi berriak Iazko aurrekontu parte hartzaileetan erabakitakoari jarraituz, udalerriko hainbat eremutako argiztapena hobetzen ari da Abadiñoko Udala. Era horretara, guneen segurtasuna hobetu eta jasangarritasuna sustatu nahi dira, udal gobernuaren hitzetan: “Puntu ilunak ekiditeko eta segurtasuna areagotzeko asmoz instalatu ditugu farola hauek. Era berean, lehentasuna eman diogu energia kontsumoa zein karbono aztarna murrizteari”.

Muntsaratzeko, Zelaietako eta Traña-Matienako hainbat kaletan jarri dituzte LED argi berriak. Zehazki, Solazabal, Arlozabal, Etxeazpia eta Kamiñopea kaleetan, Muntsaratzen; Txanporta plazan, Zeletabe, Dendarikoa eta Gaztañodi kaleetan, Zelaietan; eta, Txiñurrisolo, JA Unzueta, San Andres, Trañaetxoste, San Prudentzio, Zubibitarte, Laubideta eta Trañabarren kaleetan, Traña-Matienan.
Udalak 130.000 euroko inbertsioa egin du guztira argi horiek erosteko eta instalatzeko.

Finantzazioari dagokionean, aurrekontu parte hartzaileetan proiektu honi bideratutako diruaz gain, Udalak 64.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldunditik.

Herri seguruago bat

Aurreko eremuez gainera, beste hainbat lekutan hobetu du argiztapena Udalak. Tartean, Gaztañodi eta Iturritxo kaleetan, eta Pino eta Txanporta plazetan. “Plangintza baten baitan, udalerri osoko argiztapena hobetzea da Udalaren asmoa epe ertainera begira, herritarren segurtasuna hobetuz eta eraginkortasun energetikoa lortuz”, adierazi dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top