Bilboko gotzainak santu elorrriarraren oroigarri hauek emango ditu So Kiengo Santutegi Nazionalean, Elizbarrutiko kofradien Jubileo mezan

ELORRIO | Aste honetan, zehazki asteartean, Joseba Segura Bilboko gotzaina Vietnamera abiatu da Hoat Bui vietnamdar jatorriko apaizarekin batera, Bizkaiko patroi den Berriotxoako San Valentinen erlikia bat emateko asmoz. Objektu horiek bihar, larunbata, emango dira So Kieneko Santutegi Nazionalean, elizbarrutiko kofradien Jubileo mezan.
Gainera, Elorrioko tenpluan dagoen mihise baten bi erreplika bidali zaizkio Hanoiri. “Bidaia hau liturgia-ekintza bat baino askoz gehiago da. Kulturen arteko zubiak eraikitzeko modu bat ere bada, iragan mingarrien eta itxaropen partekatuko etorkizunen artean “, nabarmendu eban Bui apaizak Bilboko gotzainagaz batera bidaian.
Elorrioko Sortzez Garbiaren basilikako aldare mausoleoan daude santuaren erlikiak, eta horietako batzuk Vietnamera iritsiko dira Vietnamgo Santu Martirien Santutegi Nazionalean gurtzeko.
Hanoiko egonaldian, Joseba Segurak, Misinoetarako eta Elizekiko Lankidetzarako Gotzain Batzordeko lehendakari lez, Phat Diem, Bui Chu eta Hai Phong elizbarrutiak bisitatuko ditu. Bui Chu eta Hai Phong. Bizkaiko santua gotzain izendatu zuten garaian, erlijio-jazarpenaren garairik latzenean, elizbarruti bakarra izan ziren.
Bilboko gotzaina eukaristia baten buru izango da Hai Duongeko Santutegian, Valentin Berriotxoa eta beste hiru santu gurtzen diran lekuan: Jeronimo Hermosilla (Logroño), Pedro Almató (Bartzelona) eta Giuse Nguyu Duy Khang (Vietnam).

Asiako herrialdean, santuaren jaia, hain zuzen ere, gauzatzen den egun berean ospatzen da, azaroaren 1ean. Jaiegun horretan, jende andana joaten da santutegira prozesioan, dantza erlijiosoak dantzatzen dira eta meza solemnea ospatzen da. Kristauak biztanleriaren % 7 diren eta biztanle gehienak budistak diren herrialde batean, Eliza katolikoak hazkunde esanguratsua izan du.
2024ko apirilaren 17an, Vietnamgo Gotzainen Batzarrak So Kienen Vietnamgo Santu Martirien Santutegi Nazionala ezartzea onartu zuen. Gaur egun, Museo baten ondoan eraikitzen ari dira. Bertan, santu martirien erlikiak egongo dira ikusgai, besteak beste, Elorrioko santuarenak. Hoat Bui Van Gasteizen bizi da, Doktorego Tesia prestatzen. Azpimarratu duenez, eraikinak 2026. urtearen amaieran bukatuta egongo dira eta “gazteei eta etorkizuneko belaunaldiei Vietnamgo Elizaren misiolari historia aurkezteko eta fededun katolikoek aberriaren kulturari egindako ekarpena erakusteko leku” bihur daitezke.