Lehiaketaren finala irailaren 12tik 14ra

ERMUA | Ermuko Folkez Blai musika jaialdiak hogei urte beteko ditu aurten, eta jada prest du ekitaldiz beteriko programa datorren hilerako. Edizio berri honetako azken fasea irailaren 12tik 14ra bitartean lehiatuko da Orbe Kardinala plazan, eta sei talde sailkatu dira final handirako: Ache Pa Ti (Nafarroa), Harribitxi (Euskadi), Xara (Madril), Matazúa (Asturias), Entós (Asturias) eta Gorrondatxe (Euskadi).
Lehiaketaren helburua musika errotik sustatzea eta folk generoa jorratzen duten musika taldeentzako hedapen plataforma izatea da. Horretaz gain, jaialdiak jada ezarritako eta ibilbide luzeagoa duten musikari eta talde gonbidatuei ere egiten die tartea, herriko kaleak musikaz bete eta asteburu aparta borobiltzeko.
Programa
Aurtengo egitaraua irailaren 11n hasiko da, lehiaketa fasea baino egun bat lehenago, Alboka Musika Eskolako trikitilarien eta Foularedako kideen kalejira alaiarekin 19:00etatik aurrera. Hurrengo hiru egunetan, programa honakoa da:
- Irailak 12, ostirala
- 18:30ean: Ache Pa Ti (Nafarroa)
- 19:45ean: Harribitxi (Euskadi)
- 21:00etan: Milladoiro (Galizia, talde gonbidatua, lehiaketatik kanpo)
- Irailak 13, larunbata
- 13:00etan: Antía Caaveiro, Antón Lago & Xosé Liz (Galizia, talde gonbidatua, lehiaketatik kanpo)
- 18:30ean: Xara (Madril)
- 19:45ean: Matazúa (Asturias)
- 21:00etan: Golconda (Katalunia, talde gonbidatua, iazko irabazlea)
- Irailak 14, igandea
- 12:30ean: Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kalejira
- 18:30ean: Entós (Asturias)
- 19:45ean: Gorrondatxe (Euskadi)
Irailaren 14ko, igandea, emanaldien amaieran, epaimahaiaren erabakiaren berri emango da, eta 3.500 euroko lehen saria eta 2.000 euroko bigarren sariak banatuko dira. XX. Folkez Blai jaialdiaren irabazleak gonbidatu gisa joko du jaialdiaren hurrengo edizioan.
Sarituak izan ez diren talde finalistek 500 euroko dirulaguntza jasoko dute Ermura etorri izanagatiko gastuak ordaintzen laguntzeko.