47.409,01 euroko inbertsioarekin, ekipamendu berriaren helburu nagusia da auzoetako bide-bazterren zaintza

MALLABIA | Udalak sasi-garbitzeko makina berria eskuratu du, herriko bide-bazterren zein auzoetako mantenua hobetzeko helburuarekin. Ekipamendu berri hau, bateragarria da garbiketa lan horiek egiteko erabiltzen den traktorearekin.
Izan ere, azken urteotan zenbait eremutan landaredia gehiegi hazten ari dela ikusita, errealitate horri erantzuteko ekipamendu baten beharra antzeman zuen Udalak. Hala, 47.409,01 euroko inbertsioa egin du Udalak eta eskaera REYVENA SERVITECO S.L enpresari esleituta, jasotako ekipamendu berriak hedadura teleskopikoa duen sistema tekniko aurreratua du, eta bereziki egokia da zabalera txikiko bideetan erabiltzeko.
Hala, ekipamendu berri horri esker, modu eraginkorragoan eta seguruagoan jardun ahal izango du landa ingurunean, auzoetako errepide bazterren mantenua hobetuz eta Udalaren zein udalerriaren benetako beharrei egokitzen zaien zerbitzu eraginkorragoa eskainiz.
Ibilgailu berria
Sasi garbitzeko makina eskuratzeaz gain, Mallabiko Udalak ibilgailu berria lortu du udal brigadarentzat Bizkaiko Foru Aldundiak lagata. Horri esker, udal brigadak lanak egiteko baliabide eta gaitasun hobeak izango ditu.
Ekintza hauek guztiekin, Mallabiko Udalak zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntzarekiko duen konpromisoa berretsi du eta herritarren eskariak aintzat hartu ditu.