
EGURALDIA | Beroak orduak zenbatuta ditu eta udazkeneko eguraldiari bide emango dio, zeru grisekin eta euri batzuekin. Eguraldiaren bat-bateko aldaketa, 30 gradu baino gehiagoko egunen ondoren.
Ostirala, eguzkitsua
Ostiralean giro eguzkitsua eta beroa izango dugu. Goizean goiz behe-hodei batzuk agertuko dira kostaldetik gertu, baina denbora gutxi beharko dute desagertzeko, eta eguneko ordu askotan eguzkia izango da protagonista. Arratsaldean bero-hodeiak ugarituko dira, egunaren amaieran giroa nahasiago egon daiteke eta gauean zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki ekialdean. Tenperaturak ez dira asko aldatuko, barnealdean apur bat igoko dira. Hego eta hego-ekialdeko haizea ibiliko da, Gipuzkoa ekialdeko eta Nafarroa iparraldeko mendi inguruetan apur bat hautsita, eta arratsaldean ipar-mendebaldeko haizea sartuko da.
Larunbata, hodeitsu eta fresko
Larunbaterako hodei gehiago, euri apur batekin eta tenperaturaren jaitsierarekin. Hodeiak ugariak izango dira eta zirimiri batzuk botako ditu, batez ere ipar partean. Arratsalde-gauean zaparrada trumoitsuak bota ditzake, bereziki ekialdean. Ipar-mendebaldeko haizeak joko du eta giroa freskoagoa izango da; barnealdean maximoak nabarmen jaitsiko dira eta, oro har, 20-24 ºC-ren bueltan geratuko dira.