Euskaraldiaren Durangoko Batzordearen gutuna

IRITZIA | Zorionak Durango! Elkar mugituz egingo genuela esan genuen, eta elkar mugituz egin dugu Euskaraldiaren laugarren edizioa!
Mugimendua. Mugimendua izan da aurtengo Euskaraldiaren ardatza, hori horrela, “Elkar mugituz egingo dugu!” izan da aurtengo leloa, euskaltzaleak aktibatzeko apustua egin baitugu herri batzordeek. Durangon ere hori izan da prozesuaren helburu nagusietakoa, eta inoiz baino ekimen eta egitasmo gehiago egin ditugu, bai aurre-prestaketan zein Euskaraldiaren 11 egunetan. Euskaltzaleak aktibo gauden seinale, Durango euskalduntzeko gogo biziz gaudelako. Giro ezin hobean sortu ditugu hizkuntza ohiturak aldatzeko espazio erosoak: hasiera ekitaldian, Alde Zaharrean egindako jai egitarauan, ume eta gazteentzako egindako joko-jolasetan, mintzodromoan eta pintxo-potean.
Oso poztekoa izan da ere Durangoko askotariko eragileek egin dituzten mota guztietako ekimenak, mota guztietako eragile eta herritarren ekarpena izan du aurtengo Euskaraldiak.
Hizkuntza ohiturak eraldatzea da Euskaraldiaren helburua, eta milaka herritar izan gara horiek eraldatzeko hautua egin dugunak: lagun artean, familian edo lanean; euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin hitz egiteko hautua egin dugu 11 egun hauetan.
Euskaraldiaren Durangoko Batzordea