DOT Durangaldea

Zaldibarko Udalak zerbitzu berria ipini du martxan: Auzo Taxia

Tresna berri horri esker, baserri auzoetako zaldibartarrek modu erosoagoan gerturatu ahalko dute herrigunera

Zaldibarrel zerbitzu berri bat jarri du abian

ZALDIBAR | Zaldibarko Udalak Auzo Taxia jarri du martxan, eta, horrekin, urrats berri bat eman du landa-eremuen eta hirigunearen arteko konexioa hobetzeko. Zerbitzua Zaldibarko baserri-auzoetan bizi diren herritarrei zuzenduta dago nagusiki, Gazagako, Goierriko, Arangureneko, Eitzagako, Sallabenteko eta Olarreagako auzotarrentzat, baina San Andreseko bizilagunek ere erabili ahal iazngo dute, kasu horretan, mugikortasun arazoak dituztenean. Zerbitzua udalerrian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Hala ere, 12 eta 18 urte bitarteko adingabeek ere erabili ahal izango dute, betiere gurasoen edo tutoreen baimena badute.

Auzo Taxiak joan-etorriko bidaiak eskainiko ditu baserri auzoen eta herrigunearen artean, udalerriko mugen barruan, eta, horregatik, ez da aurreikusten beste herri batzuetarako desplazamendurik egitea. Zerbitzuaren ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera 07:30etik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara. Igande, jaiegun eta abuztuan ez da zerbitzurik egongo.

Txartela eta bonuak

Zerbitzua erabili nahi duten herritarrek erabiltzaile-txartela eskatu beharko dute udaletxean, eta behin hori eginda, bonuak erosi ahalko dituzte udaletxean bertan. Txartelen gutxieneko erosketa 5 bonukoa izango da, eta 12,5 euroan eskuratu ahalko dira (2,5 euro ibilbide bakoitzeko). Bidaiariak bonu bat eman beharko dio taxilariari egindako ibilbide bakoitzeko eta bere erabiltzaile txartelarekin identifikatu beharko da. Taxia eskatzeko, erabiltzaileek udalak emandako telefonora deitu beharko dute, edo taxilariarekin berarekin harremanetan jarri beharko dute bidaia adosteko.

“Lehen ez zegoen gazteen emantzipaziorako laguntzarik, eta orain, bai. Lehen ez zegoen psikologoarenera joateko laguntzarik gazteentzat, eta orain, bai. Ez geneukan auzo taxirik, eta aurrerantzean, bai. Hori da gobernu talde honen bidea: dauden zerbitzuak indartzea eta ez baldin badaude, sortzea, Auzo Taxiarekin egin bezala. Herritar guztien irisgarritasuna bermatu nahi dugu, bereziki herrigunetik urrutirago bizi direnena, zerbitzu publikoak hurbilago eta eskuragarriago izan ditzaten”, esan du Eneritz Azpitarte alkateak.

Alkateak gogorarazi du Auzo Taxia 2026ko udal aurrekontuetan adostu zutela gobernu taldeak eta PSE-EEk, alderdi sozialistaren emendakin bat tarteko. Azpitartek alderdien arteko elkar-ulertzea txalotu du, eta aurrerantzean ere herriaren mesedetan lan egitera deitu ditu ordezkari guztiak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top