DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Zainketa-mahai bat eratzeko eskatu diote Durangoko Udalari

Udal gobernuarekin ahalik eta azkarren bilera bat egitea eskatu dute

Durangoko Udalari
Durangoko Zaintza Komitearen agerraldiaren irudia

DURANGO | Bost hilabete igaro dira greba feminista orokorra hasi zenetik. Greba horretan zaintza-sistema publiko komunitarioa aldarrikatzen zen, eta erakundeei eta Udalari eskatzen zitzaien arlo horretan erantzukizunak har zitzaten.

Durangoko grebaren ondoren, atzo adierazi zutenez, Zaintza Komitea izeneko batzarrean biltzen jarraitzen dute zaintzarako sistema publiko komunitarioaren gaiak «mahai gainean jarrai dezan». Atzo azaldu zutenez, joan den martxoaren 4an, Udaleko erregistro orokorraren bidez, zainketa-mahai bat eratzeko eskatu zioten Udal Gobernuari. Atzo, asteartea, azpimarratu zutenez, oraindik ez dute udal gobernuaren erantzun zuzenik jaso. «Ez dira gurekin harremanetan jarri erantzun bat emateko», gaineratu zuten prentsaurrekoan. «Badakigu azken udalbatzan alderdi politiko bateko ordezkari batek Jaurlaritzari galdetu ziola gure eskaeraren gaiaz, eta erantzuna izan zen eskumen hori ez dela udalarena, baina esan beharra dago zaintza-sistema publiko baten alde lan egiteko ardura hori udalarena ere badela», salatu zuten. «Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren ondorioz, zaintza-sistema publiko komunitario berri baten aldeko akordio soziala ere lortu da. Akordio hori hainbat sektore eta herri-mugimenduren artean egin da, eta larrialdiko premiak jasotzen ditu, egungo erregimen jasanezina eta pertsonen bizitzekin bateraezina pribatizatzen eta ustiatzen duen zaintza-erregimenarekin amaitzeko», gaineratu zuten.

Horregatik, Udalari erantzukizuna bere gain hartzeko eskatzen jarraituko dutela aurreratu zuten. «Udal-eskumenaren argudioa ez da bere horretan oinarritzen. Indarrean dagoen Durangoko Berdintasun Planean argi eta garbi jasotzen da Udalak zaintza-eredua birpentsatu eta horren erantzukizuna azpimarratu behar duela. Dagoeneko onartuta dauden neurriak dira, baina, noizko egingo du Udalak adostuta dagoena ?», galdetzen dute. Udal gobernuarekin ahalik eta azkarren biltzeko eskatzen dugu.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top