Euskal Herria, Katalunia eta Frantzia hegoaldeko erakundeak batu dira Interreg VI-A (POCTEFA) programak finantzatutako ekimen honetan

BERRIZ | TESTAREG proiektuak bere Kick-off Meeting edo abiarazte-bilera ofiziala egin du Berrizen, Urkiola Landa Garapenerako Elkartearen egoitzan. Topaketa honekin hasiera eman zaio nekazal test guneak indartzeko eta landa-eremuetan ekintzailetza eta errelebo generazionala sustatzeko mugaz gaindiko ekimen berri honi.
Proiektuak Europar Batasunaren kofinantzaketa du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Programaren eta FEDER funtsen bidez. Bilera honetan, erakunde bazkideetako ordezkariek lehen lan-ildoak ezarri, kudeaketa-egitura balioztatu eta datozen bi urteetarako jardueren egutegia zehaztu dute.
Esperientziak partekatzea
TESTAREG proiektuaren helburu nagusia Katalunia, Euskadi eta Frantzia hegoaldeko nekazal test guneen arteko lankidetza sarea sendotzea da, ezagutza-trukea eta berrikuntza sustatuz. Topaketan zehar, parte-hartzaile bakoitzak bere esperientziak aurkeztu ditu, erronka komunei eta metodologia bateratuei erantzuteko oinarriak finkatuz.
Ekimenean erreferente diren hainbat erakundek hartzen dute parte:
-
Euskal Herria: Lea Artibai Landa Garapenerako Elkartea, Urkiola Landa Garapenerako Elkartea, Trebatu test gunea (Iparralde) eta Institut Jean Errecart (Iparralde).
-
Frantzia (Occitanie / Haute-Garonne): Le 100e Singe test gunea.
-
Katalunia: BioPonent ekoizle ekologikoen elkartea (Lleida).
Horrez gain, proiektuak administrazio publikoen, ikerketa zentroen eta nekazaritzako elikagaien sektoreko erakundeen arteko foro lokalak eta sareak sortzea sustatuko du, nekazaritza-jardueran sartu nahi duten pertsona ekintzaileei laguntza hobea emateko.
Datozen urratsak
Abiarazte-bileraren ostean, proiektuaren lehen faseari emango zaio bidea: parte hartzen duten espazio testen diagnosi partekatua osatzea, praktika egokiak identifikatzea eta laguntza-tresna komunak diseinatzea.
Horrez gain, datorren udazkenean bilera teknikoak, ikasketa-bisitak eta jarduera bateratuak antolatuko dira test gune desberdinetan, lurraldeen arteko ezagutza-transferentzia errazteko eta mugaz gaindiko lankidetza sendotzeko.


