DOT Durangaldea

Zornotzak etorkizunari begiratzen dio 37,9 milioi euroko aurrekontuarekin

Udalak 2027rako udal-kontuak onartu ditu, aurreko urtearekin alderatuta % 5,34 altuagoa, eta zerbitzu publikoak, familientzako arreta eta tokiko elkarte-sarearen babesa indartu ditu

Udalak 37.909.100 euroko aurrekontua izango du

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak martitzen honetan onartu du, osoko bilkuran, 2027ko Udal Aurrekontua. Hala, datorren urteari begira, udalerriak 37.909.100 euroko aurrekontua izango du,, 2026koa baino % 5,34 handiagoa, hau da, 1.920.600 euro gehiago. Pertsonak udal-jardunaren erdigunean jartzen dituen aurrekontua da, eta zerbitzu publikoen hobekuntzan, familia zornotzarren ongizatean, udalerri seguru eta irisgarri baten aldeko mantentze-lanetan eta etorkizunerako proiektu estrategikoen garapenean aurrera egiten jarraitzea du helburu.

 

Aurrekontua finantza-egonkortasunaren, erantzukizunaren eta zorroztasun ekonomikoaren printzipioei jarraituz landu da, egungo zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta, aldi berean, udalerriaren behar berriei erantzuteko udal baliabideak planifikatuz.

Ildo horretan, 2027ko aurrekontuak gizarte-kohesioaren, jasangarritasunaren, tokiko garapen ekonomikoaren eta Amorebieta-Etxanoren etengabeko hobekuntzaren aldeko apustuari eusten dio. Eguneroko esku-hartzeak eta etorkizuneko proiektuak uztartzen dituen bide-orria da, eta zornotzarrek herritarren partaidetza prozesuetan eta Ametsetatik Herrira prozesu estrategikoaren bidez egindako ekarpenak ere jasotzen ditu.

Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkatearen hitzetan, «aurrekontu hauek pertsonekiko eta gure herriaren etorkizunarekiko dugun konpromisoa islatzen dute. Amorebieta-Etxanok ondo bizitzeko udalerria izaten jarraitzea nahi dugu, kalitatezko zerbitzu publikoekin, espazio seguruekin eta pertsona guztientzako aukerekin. Eta, hori lortzeko, ezinbestekoa da udal baliabideak erantzukizunez, zorroztasunez eta egonkortasun ekonomikoari eutsiz kudeatzen jarraitzea, horixe baita ondo funtzionatzen duena mantentzeko eta hobetzen jarraitzeko oinarria».

Pertsonak eta bizi kalitatea

Familia zornotzarrek lehentasunezko tokia dute, beste behin ere, 2027ko udal aurrekontuan. Udalak gizarte-arretarekiko, aukera-berdintasunarekiko, adinekoen ongizatearekiko, gazteekiko eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei laguntzeko konpromisoari eusten dio.

Ildo horretan, Udalak Amorebieta-Etxano bidezkoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko konpromisoa berresten du, udal aurrekontuaren erdia zornotzarrei eta familiei bideratuz. Zehazki, Herritartasun arloko aurrekontuko hiru eurotik bat Gizarte Ekintzara bideratzen da, gizarte-arretako udal zerbitzuak eta programak mantendu eta indartzeko, eta laguntza gehien behar duten pertsonei babesa emateko.

Horrez gain, aurrekontuak udal zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntza bermatzen du, baita kultura, kirol, hezkuntza eta aisialdiko programazio zabala eta inklusiboa ere, adin guztietako pertsonei zuzendua, bai herrigunean, bai auzoetan eta landa-eremuetan ere. Era berean, gazteen parte-hartzea indartzen jarraituko du ZUOK ekimenaren bidez. Ekimen horrek aukera ematen die gazte zornotzarrei udalerriaren garapenean aktiboki parte hartzeko, beren beharrak eta proposamenak helarazteko eta enpleguarekin, prestakuntzarekin, aisialdiarekin eta eguneroko bizitzako beste esparru batzuekin lotutako proiektuen diseinuan eta kudeaketan parte hartzeko.

Etxebizitzarako sarbidea ere Udalaren jardun-eremuetako bat izango da aurrerantzean. Ildo horretan, maiatzean Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartuko da. Horren bitartez, etxebizitza eskuragarria lortzeko aukerak erraztea, gazteen emantzipazioa sustatzea eta zornotzarrek beren bizi-proiektua Amorebieta-Etxanon garatu ahal izatea da helburua.

Inbertsioak

2027ko aurrekontuak 3,4 milioi euro aurreikusten ditu inbertsioetarako, Amorebieta-Etxanoko espazio publikoak, kirol-instalazioak, udal ekipamenduak eta azpiegiturak hobetzen jarraitzeko. Familia zornotzarren ongizatea eta bizi-kalitatea ardatz dituzten esku-hartzeak dira, udalerriaz gozatzeko, bizikidetza sustatzeko eta herritarren beharretara egokitutako herri irisgarriago eta seguruago baterantz aurrera egiteko pentsatutako proiektuekin.

Esparru horretan, Ametsetatik Herrira eta aurrekontu parte-hartzaileen prozesuek protagonismo berezia hartzen dute, 2027rako aurreikusitako inbertsioetako batzuek partaidetza-prozesu horien bidez zornotzarrek helarazitako proposamenei, kezkei eta beharrei erantzuten baitiete. Horrela, herritarren ekarpenak proiektu zehatz bilakatzen hasi dira, udalerriaren etorkizuna eguneroko bizitzan eragin zuzena izango duten hobekuntzekin uztartuz.

Ildo horretan, alkateak honakoa azpimarratu du: «Ametsetatik Herrira eta aurrekontu parte-hartzaileen prozesuek zornotzarrek gure udalerriaren etorkizuna nola irudikatzen duten, zer behar dituzten eta zer hobetu nahiko luketen entzuteko aukera eskaini digute. Orain, ekarpen horiek ekintza zehatz bilakatu nahi ditugu. Txikiak iruditu daitezkeen proiektuez ari gara, baina familientzat eta haien eguneroko bizitzarako balio handia dutenak dira, hala nola gure haurrentzako jolasgune berriak. Izan ere, etorkizuneko Amorebieta-Etxano eraikitzeak gaur egungo beharrei erantzutea ere esan nahi du».

2027rako aurreikusitako inbertsio nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ur-jolasetarako gune berria Zubiondo parkean (425.802,28 euro): ur-jolasgune bat sortuko da, haur zornotzarrei udako hilabeteetan aisialdirako eta ondo pasatzeko aukera berri bat eskaintzeko, familiek gozatzeko espazioak zabalduz.
  • Larreako padel-pisten berrikuntza (495.000 euro): kirol-instalazio horiek berrituko dira, udalerrian kirol hori praktikatzen duten pertsonek helarazitako eskaerari erantzunez.
  • Txolongo futbol-zelaiaren hobekuntza eta modernizazioa (680.000 euro): instalazio horiek berritzeko eta modernizatzeko proiektu integrala bultzatuko da, kirola egiteko baldintzak hobetuz.
  • Ogenbarrenako jolasguneen estalkia: haurrentzako jolasgunea eta kirol anitzeko kantxaren zati bat estaltzea aurreikusten da, urte osoan zehar erabili eta gozatu ahal izateko, baita eguraldi txarra egiten duenean ere.
  • Bide publikoen, argiteriaren eta hiri-altzarien berrikuntza: udalerriko hainbat gunetan hobekuntzak egingo dira, besteak beste, Gudari 1-5, Zirilo Arzubiaga, Sabino Arana 1-13 eta Zezilia Gallartzagoitia kaleetan, espazio publikoen irisgarritasunean, segurtasunean eta kalitatean aurrera egiten jarraitzeko.
  • Herritarren segurtasuna indartzea: bideozaintza-sistemetarako partida bat bideratuko da, udalerriaren segurtasuna hobetzen jarraitzeko.

Laguntza berriak

2027ko aurrekontuaren berritasunen artean, eraikinak birgaitzeko laguntzetara bideratutako 50.000 euroko partida ere nabarmentzen da, PSE-EErekin lortutako akordioaren esparruan.

Dirulaguntza-ildo hori Eraikinen Ikuskapen Teknikoekin (EIT) lotutako jarduketetara eta kontserbazioaren, irisgarritasunaren eta energia-eraginkortasunaren arloko gabeziak hauteman eta zuzentzera bideratuko da.

Neurri horren bidez, Udalak lehendik dauden eraikinen hobekuntza eta mantentze-lanak erraztu, eraikinen irisgarritasunean aurrera egin eta etxebizitza-parkea jasangarritasun-irizpideetara egokitzea sustatu nahi du.

2 milioi euro baino gehiago 

2027ko aurrekontuak, beste behin ere, elkarteek, kirol-klubek, kultura-kolektiboek, gizarte-erakundeek eta auzo-elkarteek Amorebieta-Etxanoko eguneroko bizitzan duten funtsezko zeregina aitortzen dute. Horregatik, udal aurrekontuak % 3 baino gehiago handitzen du haien jarduera babesteko eta urtean zehar garatzen dituzten ekimenen jarraipena bermatzeko dirulaguntzen zenbatekoa.

Hala, 2027ko Udal Aurrekontuak guztira 2.136.760 euro bideratuko ditu dirulaguntzetara, haien jarduera babesten jarraitzeko eta Amorebieta-Etxano aktibo, parte-hartzaile eta kohesionatu bat mantentzen laguntzeko.

Dirulaguntza horiek kirolaren, kulturaren, gizartearen eta hezkuntzaren (ikastetxeak eta guraso-elkarteak) arloko klub eta elkarteen artean banatuko dira, baita tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren artean ere.

Horrela, aurrekontuak Amorebieta-Etxanoren nortasunaren parte den adierazle nagusietako bat indartzen jarraituko du: bizitza sozial, kultural, kirol eta merkataritza arloan aktiboa den udalerria, elkarteen eta herritarren inplikazioari esker ere eraikia.

Azken batean, 2027rako onartutako aurrekontuak gaur egungo beharrei erantzutea eta epe luzerako ikuspegia uztartzen ditu. Zornotzarren bizi-kalitateari eustea, udalerri segurua, dinamikoa eta kohesionatua mantentzea eta Amorebieta-Etxanok hobetzen eta etorkizuneko erronkei aurre egiten jarraitzeko proiektuak bultzatzea helburu duen aurrekontua.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top