Araudiak hezkuntzaren inguruko parte-hartzea eta lankidetza sustatzen ditu ikuspegi
komunitario batetik

DURANGO | Durangoko Udalak hasierako onarpena eman dio Udal Hezkuntza Kontseilua arautuko duen erregelamenduari. Parte-hartze eta lankidetzarako organo berri honen helburu nagusia hezkuntza komunitate-proiektu gisa ulertzeko ikuspegi partekatua sustatuko duen espazio egonkor bat sendotzea da.
Araudi berriak hezkuntza ikastetxeen, familien, erakundeen eta gizarte osoaren arteko erantzukizun partekatua dela du oinarri. Era berean, azken urteotan Udal Eskola Kontseiluaren eta Hezkuntza Foroaren bidez garatutako lankidetza-ibilbideari jarraipena ematen dio.
Kontseilu berria kide anitzeko organoa izango da, aholku-emailea, izaera kontsultatiboa eta autonomia funtzionala izango dituena. Alkatea (edo hark eskuordetzen duen pertsona) izango da buru, eta ordezkaritza zabala izango du:
-
Familia eta ikastetxeak: Familien elkarteak eta ikastetxeetako zuzendaritzak.
-
Herriko eragileak: Kultura, kirol eta aisialdi arloko eragileak.
-
Erakundeak: Musika Eskola, Euskaltegia, HHE, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta udal talde politikoak.
Araudiaren alderdirik nabarmenenetako bat haur eta gazteen parte-hartze zuzena da. Horretarako, Kontseiluak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako bi ordezkari eta 14 eta 18 urte bitarteko beste bi gazte izango ditu, herriko hezkuntza-politiken inguruko erabakietan beren presentzia indartuz. “Hezkuntzan inbertitzea Durangoren etorkizunean inbertitzea da. Kontseilu honekin entzuteko, elkarrizketarako eta gure haur eta gazteei aukera onenak eskaintzen lagunduko duten erabakiak hartzeko gune bat eraiki nahi dugu”, azaldu du Asier Perugorria Hezkuntza zinegotziak. “Bereziki garrantzitsua da haiek ere organo honen parte izatea, inork ez baitu gazteek beraiek baino hobeto adieraziko beren kezkak”.


