DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Osakidetza: “Matienako pediatria zerbitzuak berdin jarraituko du inork plaza hori aukeratzen ez badu”

Pediatria zerbitzuaren egoerak berdin jarraitzen badu, Udalak irailean jarraituko du elkarretaratzeak deitzen

Matienako lehen kontzentrazioaren irudia
Matienako lehen kontzentrazioaren irudia

ABADIÑO | Udalak aditzera eman duenez, ekaineko azken astean bilera bat egin zuen Barrualde-Galdakao ESIko zuzendaritzarekin, pediatria zerbitzuaren gabeziei irtenbidea emateko. “Plazak hautatzeko prozesuan inork ez badu Traña-Matienako osasun-zentroko pediatria-plaza aukeratzen, egoerak berdin jarraituko duela esan digute. Ezin dugu ontzat eman proposatzen digutena eta, udal eskumena ez bada ere, lanean jarraituko dugu zerbitzu duina izan arte, familien ongizateak kezkatzen gaituelako “, adierazi zuen Mikel Urrutia alkateak bileraren ostean.

Pediatriako plazak betetzeko prozesua, bitarteko gisa, datozen egunetan egingo da. Inork ez badu Traña-Matienako plaza librea aukeratzen, egoerak bere horretan jarraituko du. Gainera, 14 urtetik beherako pertsonen arreta Zelaietan, Zaldibarren, Berrizen edo Elorrion izaten jarraituko du.

Traña-Matiena auzoan duela urte batzuetatik ematen den pediatria-zerbitzua funtsezkoa da familientzat. Horregatik, Gobernu Taldeak ezinbestekotzat jotzen du konponbide egonkor bat bilatzea herritarrei kalitatezko zerbitzu bat emateko eta alferrikako joan-etorriak saihesteko.

Kontzentrazioak

Abadiñoko Udalak ekainean elkarretaratzeak deitu zituen egoera salatzeko eta Osakidetzari gatazkari irtenbidea eman diezaiola eskatzeko. Edurne Maguregi alkateordeak maiatzean adierazi zuenez, “ezin dugu itxaroten jarraitu. Pediatra falta dela eta, zerbitzua hondatu egin da, eta, gure ustez, leheneratu egin behar da. Lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu herrian kalitatezko zerbitzua lortu arte “. Egoera aldatzen ez bada, irailean elkarretaratzeak deitzen jarraituko du Udalak, ziurtatu dutenez.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top