DOT Durangaldea

Musika Bulegoak Musik(H)abian programa martxan jarri du Durangon

Musika Bulegoak Musik(H)abian martxan jarri du, Euskal Herriko musika-proiektuak sustatzeko ekintzailetza programa berria

Interesdunek beren hautagaitza aurkeztu ahal izango dute irailaren 16ra

DURANGO. – Musika Bulego elkarteak Musik(H)abian aurkezten du, musika-sektorearekin lotutako proiektuak bultzatzeko ekintzailetza programa berria. Ekimena Euskal Herriko musika-ekosistema indartzeko helburuarekin sortu da, ekintzaileei haien ideiak proiektu sendo, bideragarri eta iraunkor bihurtzeko beharrezko tresnak, ezagutzak eta laguntza eskainiz.

Programa beren jarduera artistikoari lotutako proiektu bat profesionalki egituratu nahi duten musikariei, nahiz musikaren industriarekin lotutako enpresa-ekimenak garatzen ari diren ekintzaileei zuzenduta dago.

Metodologia praktiko, presentzial eta parte-hartzaile baten bidez, hautatutako pertsonek hamar astez sektoreko profesional erreferenteekin batera lan egingo dute beren proiektuen garapen integralean. Programak hainbat arlo jorratuko ditu: negozio-ereduaren diseinua, produktu eta zerbitzuen garapena, marketina eta komunikazioa, finantzaketa, alderdi legalak eta jabetza intelektuala, monetizazioa eta nazioartekotzea, besteak beste.

Formakuntza urriaren 14tik abenduaren 16ra garatuko da, 40 orduko talde-formakuntzak eta 25 orduko banakako mentoring saioak uztartuz. Gainera, hautatutako proiektu bakoitzak 1.500 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du, programan parte-hartzea errazteko eta garapenarekin lotutako gastuei aurre egiteko. Prozesuaren amaieran, parte-hartzaileek beren proiektuak aurkeztuko dituzte Must +PRO, Euskal Herriko musikaren sektoreko topaketa profesionaleko, pitching saioetan.

Lau proiektuk parte hartuko dute lehen edizio honetan. Horietako hiru Euskal Herriko edozein lurraldetan bizi diren eta musika-arloarekin lotutako ideia edo proiektua duten adinez nagusiak diren pertsonei zuzendutako deialdi ireki baten bidez hautatuko dira. Laugarren proiektua Durangoko Udalak tokiko ekimenetarako bultzatutako deialdi espezifiko baten bidez aukeratuko da.

Interesdunek beren hautagaitza aurkeztu ahal izango dute irailaren 16ra. Durangoko Udalak datozen asteetan kaleratuko du bere deialdia. Hautaketa-prozesuaren emaitza urriaren lehen astean jakinaraziko da, eta programa urriaren 14an hasiko da.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azpimarratu duenez, “Musik (H) abian-ek ezin hobeto irudikatzen du Durango Musika Aterpearekin bultzatu nahi dugun filosofia. Ez gara ari eraikin bat berritzeaz bakarrik, Plateruena, baizik eta Durango euskal sorkuntza, musika eta kulturarako erreferentziazko ekosistema bihurtuko duen udalerri proiektu bat eraikitzeaz. Talenturako aukerak sortu nahi ditugu, sortzaileei lagundu eta musika dinamizazio kultural, sozial eta ekonomikorako motor bihurtu urte osoan”.

Halaber, Elkoroiribek azpimarratu duenez, “Musika Bulegoarekiko lankidetza adibide bat da, sektoreko eragileen eskutik lan eginez, Euskal Herri osoari zein tokiko talentuari mesede egingo dieten ekimenak bultzatzeko. Durango Musika Aterpea bokazio ireki, kolaboratibo eta ibilbide luzearekin jaio da, eta Musik (H) abian bezalako programak bide horren lehen urratsa dira”.

Musik(H)abian Musika Bulegoak antolatutako ekimena da, Durangoko Udalaren babes nagusiarekin, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin eta Agustinak Zentroaren lankidetzarekin.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top