DOT Durangaldea

Mallabiko EAJ-PNVk berriro hautatu du Igor Agirre alkategai gisa

Etapa berriari erantzukizunez eta konpromisoz ekiteko prest agertu da

Aurkeztu zen lehen aldia 2015ean izan zen

MALLABIA | Igor Agirre Barrientos izendatu du berriro EAJ-PNV Mallabiak alkategai 2027ko udal hauteskundeetarako. Horrela, egungo alkateak berriz ere helduko dio hautagaitzari, azken legegintzaldian abian jarritako udalerri-eredua sendotu eta jarraipena emateko helburuarekin.

Igor Agirrek azken urteotan udal-kudeaketan izandako ibilbidea sendotuz joan da, eta bere agintaldian herriaren eguneroko beharrei erantzutea, zerbitzu publikoak indartzea eta Mallabiaren garapen orekatua sustatzea izan dira jardunaren ardatz nagusiak. Ildo horretan, hainbat ekimen eta proiektu jarri ditu martxan, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta etorkizunerako oinarri sendoak ezartzeko.

EAJ-PNVk nabarmendu du hautagaia udal-kudeaketan esperientzia duen pertsona dela, lidergo gaitasuna duena eta talde-lanaren aldeko apustu sendoa egiten duena. Halaber, azpimarratu dute gertutik ezagutzen dituela herritarren errealitatea, beharrak eta etorkizuneko erronkak, eta azken urteetan egindako lanak sortutako konfidantzari erantzuten diola bere hautagaitzak.

Datozen urteei begira, Agirre Barrientosen hautagaitzak herritarren egunerokoan sakontzen jarraitzea du helburu, haien benetako beharrei eta ilusioei erantzunez. Horretarako, bereziki azpimarratu du belaunaldi ezberdinen arteko lankidetza, herrian betidanik egon diren pertsonen ekarpena eta indartsu datorren belaunaldi berriaren bultzada uztartzea funtsezkoa izango dela.

Alkateak adierazi duenez, “udal kudeaketa eraginkorra garatzeko, ezinbestekoa da herritarrak entzutea, gertutasunez jardutea eta egunerokoan konpromisoz aritzea”. Era berean, “Mallabia da nire proiektu nagusia, guztion artean eraikitzen dugun errealitate partekatua, elkarlanean, daukaguna zainduz eta aukera berriak zabalduz”.

Azkenik, nabarmendu du: “etapa berri honi erantzukizunez eta ilusioz ekingo diot, eta herritarrekin batera aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dut. Datozen urteetan funtsezkoa izango da elkarlanean sakontzen jarraitzea, Mallabiaren garapen orekatua eta jasangarria indartzeko”.

Biografia

Ibilbide politikoari dagokionez, Igor Agirre Barrientos-ek esperientzia zabala du udal arloan. 2007an hasi zen Mallabiako Udalean zinegotzi gisa, eta ondorengo urteetan oposizioan aritu zen, besteak beste, Hirigintza, Gizarte Ongizatea eta Auzoetako arloetan lan eginez. 2015etik Mallabiako alkatea da, eta ordutik udal kudeaketan esperientzia sendoa eskuratu du, herriaren eguneroko beharrei erantzutea eta zerbitzu publikoak hobetzea ardatz hartuta.

Bere jardunean zehar, herritarren bizi-kalitatea hobetzea izan du helburu nagusietako bat, udal zerbitzuen hobekuntzan eta herriaren garapen orekatuan arreta jarriz.

Halaber, gaineratu du: “lan handia dugu aurretik, eta konpromiso osoz jarraituko dugu Mallabiaren alde lanean. Azken urteotan guztion artean eraiki dugun herri proiektuan aurrera egiten jarraitu nahi dugu, udalerri orekatuagoa, jasangarriagoa eta aukeraz beteagoa sendotuz. Gertutasunetik lanean jarraituko dugu, herritarrak entzunez, haien beharrei eta nahiei erantzunez, eta elkarlanaren, adostasunaren eta gardentasunaren alde eginez, gure jardunaren oinarri gisa”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top