Adin eta gustu guztietara egokitutako egitarau zabala prestatu du, besteak beste, txupinazoa, haur jarduerak, kale animazioa, erromeriak…

MALLABIA | Abuztuarekin batera iritsiko dira 2026ko Andra Mari Jaiak Mallabira. Abuztuaren 14tik 16ra bitartean, hainbat jarduera izango dira herrian, adin eta gustu guztietarako proposamenekin: haur ekintzak, zuzeneko musika, herri kirolak, pilota, bertsolaritza, lehiaketak eta gastronomiarekin lotutako ekimenak. Mallabiko Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean prestatu duten egitarauak jai herrikoiak, parte-hartzaileak eta irekiak sustatzea du helburu, herritar guztientzako topagune eta aisialdirako guneak eskainiz.
Abuztuak 14 – Umeen Eguna
Jaiak ostiralean, abuztuaren 14an, hasiko dira Umeen Egunarekin. Goizean zehar, Mallabiko trikitilariek kaleak girotuko dituzte. Egun osoan zehar haurrei zuzendutako hainbat ekintza izango dira, tartean haur parkea frontoian eta parkean (euria bada CIP-eko futbito parkean), eta arratsaldean apar festa egingo da. Arratsaldeko 19:00etan jaien hasierako txupinazoa egingo da, aurten Berbalagun: Joskintza Tailerraren eskutik. Ondoren, kale animazioa izango da Me Vale Madre taldearekin, eta 19:30ean herri txokolatada egingo da plazan. Gauean, Mallabia I Kirol Etxean pilota profesionaleko partiduak jokatuko dira. Jardunaldia Laprast taldearen erromeriarekin amaituko da plazan.
Abuztuak 15 – Andra Mari Eguna
Abuztuaren 15ean, Andra Mari Egunean, euskal kulturak eta tradizioek protagonismo berezia izango dute. Eguna meza nagusiarekin eta Mallabiko dantzarien emanaldi tradizionalarekin hasiko da. Jarraian, EinGO taldearen erromeria ibiltariak herriko kaleak girotuko ditu, eta “Mute” zirko-antzerki ikuskizuna ere izango da herriko frontoian.
Arratsaldean, tute txapelketa egingo da Kontzejuzarrean, parte-hartzea eta joko giroa sustatzeko. Bestalde, herriko frontoian Mallabiko Gizonezkoen XXXVI. eta Emakumezkoen VI. Harri-jasotze Saria jokatuko da, Harri Txikia txapelketarekin. Bertan, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Segovia eta Ávilako kirolariak izango dira, eta irabazleek 900 euro arteko sariak jasoko dituzte. Arratsaldeko programazioarekin jarraituz, “Ez da kasualitatea” bertso saio musikatua izango da plazan, Aner Peritz, Ane Labaka, Miren Amuriza eta Araitz Katarainen parte-hartzearekin, Maite Berriozabal gai-jartzaile dela eta Araitz Bizkai eta Oihana Landa musikariekin. Eguna amaitzeko, Olatz Salvadorren kontzertua izango da parkean.
Tute txapelketa (Izen ematea: 10 euro bikoteko)
Sariak:
- 1. saria 120€ eta garaikurra
- 2. saria 100€
- 3. saria 80€
- 4. saria 60€
Mallabiko Gizonezkoen XXXVI. eta Emakumezkoen VI. Harri-jasotze Saria
- 1. saria: 900 euro, txapela eta garaikurra.
- 2. saria: 750 euro eta garaikurra.
- 3. saria: 600 euro eta garaikurra.
- 4. saria: 500 euro eta garaikurra.
- Gainerako parte-hartzaileek: 300 euroko dieta.
Abuztuak 16 – San Roke Eguna
Igandean, abuztuaren 16an, San Roke Egunean, herritarren parte-hartzea eta ekimen herrikoiak izango dira ardatz. Goizean, XXV. Paella Lehiaketa eta XIII. Marmitako Lehiaketa egingo dira herriko plazan. Bi hitzordu gastronomiko horiek urtero herritarren parte-hartzea, sormena eta jai giroa sustatzen dituzte. Eguerdian, lehiaketetako sari banaketa egingo da, eta ondoren jubilatuen bazkaria ospatuko da Kontzejuzarrean. Arratsaldean, Iñaki Basaberen emanaldia izango da jubilatuentzat, eta Gazte Asanbladak antolatutako koadrilen arteko jolasak egingo dira.
Arratsalde eta gaueko programazioarekin jarraituz, txerri errea eta sagardoa banatuko dira plazan, eta Luhartz taldearen erromeriak eta DJ Bullen saioak emango diote amaiera Andra Mari Jaien 2026ko egitarauari.
Sariak:
– Marmitakoa:
- 1.saria 110€
- 2. saria 55€
– Paella:
- 1.saria 110€
- 2. saria 55€
Andra Mari Jaietako 2026ko egitarauak indarkeria matxistaren, eraso sexisten eta jarrera homofobo edo arrazisten aurkako mezua jasotzen du. Horrela, Mallabik jai seguruak, berdintasunean oinarrituak eta errespetuzkoak sustatzeko konpromisoa berresten du. Mallabiko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera eta tradizioak, parte-hartzea eta elkarbizitza ardatz dituzten jaiak gozatzera.


