Datorren urteko kontuak 2,59 milioi eurokoak dira
MALLABIA |
Mallabiko Udalak 2025erako udal-aurrekontua onartu du, 2.598.700 eurokoa. Herritar guztien beharrei erantzuteko diseinatutako plan ekonomiko honen helburu nagusia udalerriko garapen iraunkorra sustatzea eta bizi-kalitatea hobetzea da. EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin babestu dute proposamena.
2025erako onartutako aurrekontuan udalerria hobetzeko eta herritarren beharrei erantzuteko zenbait partida daude. Inbertsio horiek funtsezko alderdiak biltzen dituzte, hala nola azpiegituren hobekuntza, jasangarritasunaren sustapena eta bizitza kulturalaren babesa.
Azpiegiturak berritzea
Azpiegituren arloko proiektu nabarmenen artean, Goitondoko autobus-geltokia berritzea eta hobetzea dago. Jarduketa horrek 110.000 euroko inbertsioa izango du, eta garraio publikoaren erabiltzaileentzako espazio seguruagoa eta modernoagoa eskaintzea du helburu. Gainera, 30.000 euro erabiliko dira LHIKko aparkalekuaren irisgarritasuna hobetzeko, mugikortasun murriztua duten pertsonek errazago erabil dezaten. Azkenik, frontoiko gimnasioak klimatizazioa hobetuko duen itxitura bat ere izango du, 46.000 euroko inbertsioarekin, urte osoan erabilera erosoagoa izateko.
Jasangarritasun eta efizientzia energetikoarekiko konpromisoa
Ingurumenarekiko errespetua eta baliabideen erabilera eraginkorra lehentasun argiak dira 2025eko aurrekontuan. Horren adibide da udal lurretan dauden eguzki plaken energia kudeatzeko etxola bat instalatzea, 30.000 euroko partida batekin. Ekintza honek Mallabiak energia berriztagarriekin duen konpromisoa indartzen du.
Era berean, aurrekontuan nabarmen handitu dira hiri-garbiketarako eta hondakinen kudeaketarako partidak: 60.360 euro eta 109.210 euro, hurrenez hurren. Kopuru horiek agerian uzten dute udalerria garbi eta txukun mantentzeko ahalegina, guztiontzako ingurune atsegina bermatuz. Azkenik, katu-kolonien kontrolak, 22.000 euroko inbertsioarekin, agerian uzten du Udalak animalien ongizateari eta bizikidetza arduratsuari ematen dien garrantzia.
Kultura bultatzea
Bizitza kultural eta sozialak ere toki nabarmena du Udalaren lehentasunetan. Alde horretatik, 15.000 euro erabiliko dira liburutegiko altzariak berritzeko, eta arreta berezia jarriko zaio txikienentzako Txikitxokoari. Gainera, aurrekontuak Espatadantzari Eguna eta Euskaraldia bezalako ekitaldien jarraipena ziurtatzen du, ospakizun bakoitzerako 3.000 euroko partidekin, horrela tradizioekiko eta euskararen sustapenarekiko konpromisoa sendotuz.
Mallabiko alkate Igor Agirrek nabarmendu du aurrekontu honek islatzen duela udal taldeak herritarren lehentasunekin duen konpromisoa:”Aurrekontu hauek herritarren beharrei erantzuteko eta Mallabiko garapena sustatzeko diseinatu dira eta aurreikusitako proiektuek bizi-kalitatea hobetzeaz gain, udalerria leku jasangarriagoa, irisgarriagoa eta erakargarriagoa izatea dute helburu.”