Guztira, estatuko 60 bat lagun elkartu ziren geologia eta paleontologia gaietan sakontzeko eta esperientziak partekatzeko

MAÑARIA – Pasa den asteburuan, maiatzaren 30ean eta 31n, Lurraren Zientzietako Entitateen IX. Topaketa Nazionala burutu da Mañarian. Topaketa hauen funtsa geologia eta paleontologia gaietan interesa duten entitateak elkartzea da, partaideek elkar ezagutu dezaten, harremanak estutzeko, lankidetzak abiatzeko eta, oro har, Lurrak eskaintzen dituen altxorretaz gozatzeko.
Aurtengo edizioa Hontza Museoa Fundazioaren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean antolatu da, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Mañariako Udalaren babesarekin. Bertara, Espainiako estatuan sakabanatuta dauden eta Lurraren Zientziekiko interesa duten hainbat elkarte gerturatu dira; besteak beste, Katalunia, Alacant, Aragoi, Madril eta Murtziatik etorritako 60 bat lagun. Azpimarratzekoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoko MUFOMI, Luberri eta Harridunak elkarteen parte-hartze zabala.
Hitzaldiak eta historia
Larunbat goizean goizetik eman zitzaion hasiera topaketari, akreditazioen banaketarekin. Ondoren, ongietorria egin zuten Aitziber Areitio Mañariko alkateak, Leire Huerta Hontza Museoa Fundazioko zuzendariak eta Joxeba Larrañaga Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Jarraian, Enrike Huerta Hontza Museoa Fundazioko presidenteak hitzaldia eskaini zuen, Hontza museoaren hastapenei eta bere bilakaerari buruz.
Ondoren, Asier Gomez eta Monika Villalba doktoreek “Neandertalak Euskal Herrian” eta “Durangaldea hartzen lurra” hitzaldiak eskaini zituzten, Durangaldean aurkitu diren Ursus spelaeus (kobazuloetako hartza) espeziearen aztarna ugariei erreferentzia eginez.
Bazkalosteko solasaldi aberasgarriaren ondoren, egitarauak Hontza Museora eta Angurreta harrobira egindako bisita gidatuekin jarraitu zuen. Bisitak Victor Arrizabalaga doktore eta harrobiko arduradunaren, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Arantza Aranburu eta Laura Damas geologoen eskutik egin ziren.
Irteera honek arratsaldearen zatirik handiena hartu zuen arren, partaideek indarrak gorde zituzten bilera bat egiteko. Bertan, hurrengo urteko topaketaren nondik norakoez eztabaidatu zuten, baita Lurraren Zientzien inguruan biltzen diren elkarteen kezkak eta erronkak partekatu ere.
Amaiera borobila
Biharamunean, topaketei amaiera bikaina emateko, ibilaldi gidatua egin zuten Urkiolako Parke Naturalean barrena, Aranzadi Zientzia Elkarteko geologia saileko Arantxa Bodego doktorearekin batera. Bertan, inguruko geologiaren bitxikeriak faunarekin eta paisaiarekin lotzeko aukera izan zuten. Jardunaldiei amaiera borobila emateko, mokadutxo bat egin zuten guztiek elkarrekin Urkiolan, datorren urtera arte agurtu baino lehen.


