Durangoko txosnaguneak San Faustoetako programazioa aurkeztu du
DURANGO | Txosnaguneak aurtengo San Faustoetako programazioa aurkeztu du. «Elkarlanean eta borrokan jarraituko dugu», azaldu dute gaur arratsaldean Landakon izan den agerraldian.
Musika programazioari dagokionez, estilo desberdinetako taldeak gozatzeko aukera izango da. Ostiralean hasita Durangaldeko Gozue, Ainke, Katu eta Kuku eta Kene izango dira kontzertuan.
Urriak 12an Gazte Eguna ospatuko da, kuadrillen arteko olinpiadekin, Kuir Eztanda Poteoarekin eta eguna bukatzeko La Txama, Tatxers eta Mlakiak MX3 taldeen kontzertua izango da ere.
Bestalde, urriaren 13an umeentzako eta familientzako ikuskizuna egongo da Yogurinha Borovarekin. Horretaz gain, paella txapelketa eta erreka jeitsiera egun horretan izango da, DJ Maratoiarekin bukatuz.
Mozorro eta Etxera Eguna urriaren 19an ospatuko da gaia EITB izanik. Egunari agur esateko Rolando Bruno eta Goxua´n Salsaren kontzertua egongo da.