Guztira, 250 ikertzaile gazte eta ez hain gaztek parte hartu dute, eta hauetatik 151k aurkeztu dute beraien lana

DURANGO | Hiru eguneko jardunaren ondoren, ostiralean bukatu zen IkerGazte kongresuaren seigarren edizioa. Guztira, 250 ikertzaile gazte eta ez hain gaztek parte hartu dute, eta hauetatik 151k aurkeztu dute beraien lana. Horretaz gain, elkar ezagutu eta akademiatik kanpoko ekintzak egiteko aukera ere izan dute. Artikulu onenak ere saritu dituzte. Konkretuki Izaro Solozabal durangarrak irabazi du IkerGazte kongresuko sarietako bat.
UEUko antolatzaileak pozik gaude edizio honek eman duenarekin: “UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda. 2010. urtean ezagutza alor guztiak bilduko zituen kongresu baten ideia sortu zen UEUn, eta duela hamar urte Durangon antolatu genuen lehenbiziko aldiz, 2017an bigarrenez Iruñean, 2019an Baionan, 2021ean Gasteizen eta duela bi urte Donostia. Apustu handia da IKERGAZTE UEUrentzat, baina erantzuna ikusita (250 parte-hartzaile eta 151 komunikazio), kongresua arrakastatsua izan dela esan dezakegu zalantzarik gabe, eta erreferentzia bat bihurtu dela ikertzaile euskaldunentzat. Kontuan izan behar dugu Euskal Herriko Unibertsitate guztien babesa jasotzen duen ekimena dela. Edukiak benetan kalitate handikoak izan dira eta aurkezpenak ere maila berekoak izan dira. Zorionak eman nahi dizkiet ikertzaile gazteei, beraiek izan direlako protagonista. Zaku bete esperientziarekin bueltatzea espero dugu: harreman eta proiektu berriekin. Hemendik bi urtetara berriro elkar ikusiko dugula espero dugu. Azkenik, UEUn ikerketa eta euskara aintzat hartuak izan daitezen lanean jarraituko dugu”.
Bilboko Udalak babestu ditu aurtengo bost jakintza-alorretako artikulu eta aurkezpen onenak:
– Giza Zientziak eta Artea. Elena Casiriain Iturriria. “Mugalur proiektua: mugaldeetako bizipenak eta mugaren iruditegiak Euskal Herrian”
– Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea. Idoia Landa Reza. “Borondate digitala”
– Zientziak eta Natura Zientziak. Alexander Mirandona-Olaeta. “Elektrolito solido hibrido berriak: sare metal-organiko eta likido ionikoen konbinazioa litio eta sodio baterientzat”
– Osasun Zientziak. Ane Amundarain Iraola. “Aptameroak Mieloma Anizkoitzaren aurkako RNA-n oinarritutako terapien garapenerako”
– Ingeniaritza eta Arkitektura. Jaione Bengoetxea Azurmendi. “Euskara eta gaztelaniazko kontra-narratiben sorkuntza: datuen sorrera eta ebaluazioa”
Naia Begiristain Etxezarreta ikertzaileak, berriz, Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketari saria jaso zuen Udalbiltzaren eskutik, “Dialogoko hirugarren subjektua: herri politikak ko-sortzeko prozesuak demokratizatzeko marko kontzeptuala” artikuluagatik.
Mikroaurkezpen onenak ere saritu ditu UEUk:
– Nora Santos-Loyola. “Belvís de Monroy granito-pegmatita sistemaren karakterizazioa eta zeresana Mazizo Iberiarreko elementu arraroen esplorazioan”
– Izaro Solozabal Azcarate. “Burdinazko nanoimanak: konfigurazio magnetikoa eta biomedikuntza-aplikazioetarako potentziala”