Eskabideak azaroaren 16tik abenduaren 15era aurkeztu ahal izango dira

IURRETA | Udalak 2026ko gazteentzako etxebizitza librearen alokairurako laguntzen deialdia irekiko du. Horretarako, 9.000 euroko aurrekontu-partida bideratuko du, udalerriko gazteen emantzipazio-prozesuak errazteko eta ohiko bizilekuaren alokairuari aurre egiten laguntzeko.
Dirulaguntzen bidez, onuradunek etxebizitzaren hileko alokairuaren %50eraino jaso ahal izango dute, gehienez ere 250 euro hilean eta eskaera bakoitzeko. Laguntzak norgehiagoka-erregimenean emango dira.
Deialdian parte hartzeko, 18 eta 35 urte bitarteko adina izan beharko da. Horrez gain, bizikidetza-unitateko kideetako batek gutxienez bi urteko antzinatasuna izan beharko du Iurretan erroldatuta. Alokairu-kontratuak ere baldintza bat bete beharko du: hileko errenta ezin izango da 750 eurotik gorakoa izan.
Ekimenaren helburua da Iurretako gazteek beren bizi-proiektua herrian bertan garatzeko aukera izatea, alokairuaren kostu ekonomikoa arinduz eta autonomia zein independentzia sustatuz, ohiko ingurunea utzi beharrik gabe.
Eskaerak azaroaren 16tik abenduaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dira, bi egunak barne. Izapideak aurrez aurre egin ahal izango dira Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), edo bide telematikoaren bidez.


