DOT Durangaldea

Getxobus noizbehinkako txartela euro batekoa izango da

0,60 Creditransekin eta 0,35 Gizatransekin

Zerbitzua gabonak inguruan jarriko da martxan

GETXO  | Udal-gobernuaren (EAJ/PNV eta PSE-EE) eta PP udal-taldeen aldeko botoekin, eta EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeen aurkako botoekin,  onetsi dute Osoko Bilkuran, behin-behinean, Getxobus hiri-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala. Zerbitzu horren barruko erabilerako erregelamenduari oniritzia eman diote boto berdinekin, baina Elkarrekin Podemos taldearen abstentzioarekin.

Alderdi guztiek aurkeztu dituzte euren ordenantzarako zuzenketak eta azkenean onetsi egin da, EAJ/PNV, PSE-EE eta PP taldeek planteatu duten moduan,  aldizkako txartela 2 eurotik 1 eurora jaistea (EH-Bilduk 0,50 € proposatu du eta Elkarrekin Podemosek doakotasuna). Era berean, Gobernuaren eta PP udal-taldearen arteko akordioa egon da Barik txartelean integratutako tituluen tarifetarako: 0,60 euro Creditrans arruntarekin eta 0,35 euro Gizatransekin (65 urtetik gorakoentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat), Udal-gobernuak proposatu duen bezala.

Familia ugarientzako ezarritako tarifa 0,48 euro eta 0,30 euro Creditransekin, eta 0,28 euro eta 0,18 euro Gizatransen, kategoriaren arabera. Mugikortasun-kanpainak edo interes orokorreko jarduerak direla eta, doako egunak ezartzeko aukera ere jaso da. Zuzenketa hori PPk aurkeztu du eta EAJ/PNVk eta PSE-EEk onartu dute.

Tarifa horiek espreski ezartzeak bermatzen du etorkizunean zenbatekoak aldatu nahi badira, Udalak baloratu eta onetsi beharko dituela aldaketak. Aldi berean, Getxobus Barik sistemara gehitzea ahalbidetzen du, baita gainerako tituluentzat Bizkaiko Garraio Partzuergoak ezarritako baldintzak mantentzea ere.

Beharrezko izapideek eta prozedurek aurreikusi diren epeak errespetatzen badituzte, proiektu pilotu hau Gabonen inguruan jar liteke martxan.

Getxobusen erregelamenduari dagokionez, EH-Bilduk osoko zuzenketa bat —ezetsia izan dena— eta hogei bat zuzenketa partzial —horietako batzuk hizkuntza eskubideak defendatze aldera— aurkeztu ditu. Elkarrekin Podemosek ere beste hogei zuzenketa proposatu ditu, baina horietako gehienak ezetsi egin dira.

EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek uste dute Getxobus proiektua gaizki diseinatuta dagoela, zenbait auzoa kanpoan uzten dituela (Azkorri, Portu Zaharra, Santa Ana…), tarifa garestiak planteatzen dituela, eta, gainera, erregelamendua asko hobetu daitekeela. EAJ/PNV, PSE-EE eta PP udal-taldeek, berriz, defendatzen dute prezioak irisgarriak direla, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren tituluekin bat egiten dutela eta proba pilotu bat egiteko erregelamendua dela, bere lehen hilabeteetan nola funtzionatzen duen ikustea eskatzen duena, beharrezkoa den guztian ebaluatu eta hobetu ahal izateko.

Mozioak

Mozioen kapituluan, testigantza izaerako hiru onetsi dituzte. Lehenengoa PP taldeak aurkeztu du Algortako Sarrikobaso eta Telletxe kaleen artean pasabide bat eraikitzeko beharrezkoak diren azterketak hasteko tramiteak irekitzea eskatzeko. Beste biak egin ditu EH-Bilduk, udal liburutegietako euskarazko bibliografia-funtsa pixkanaka handitzeko Plan bat abian jartzeko, besteak beste, eta alkateak oposizioko taldeei 2027ko aurrekontu-proiektua bidaltzeko, araudiak ezarritako dokumentazio guztiarekin batera, eta ondoren Udalbatzan aurkezteko.

Azkenik, jendearen eskaeren eta galderen txandan, esku-hartzeak gai partikularrei buruzkoak izan dira, besteak beste, Salsiduko arrapalak martxan jartzeari, lonjak etxebizitza bihurtzeko baldintzak malgutzeari, eta garbitasuna eta lorezaintza hobetzeari buruzkoak.

 

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top