Indusketaren bigarren faseko lehen emaitzak dira; abenduan 54 gudari eta milizianoren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik
AMOREBIETA-ETXANO | Gaur egun, bigarren fase honetan, 14 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dira Amorebieta-Etxanoko hilerrian, eta aztarnek adierazten dute herriko Odol Ospitaletik edo zuzenean inguruko gerra-fronteetatik eramandako gudarien eta milizianoen gorpuzkiak direla.
Aintzane Ezenarro, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, hilerrira hurbildu da gorpuak ateratzeko lanak jarraitzeko. Berarekin, Gerra Zibilean desagertutako pertsonen familia batzuk.
Aste honetan zehar egingo diren bigarren fase honetako lurpetik ateratzeko lanen aurrerapenak argi gehiago emango du hobian lurperatutako biktimen gainean. Lehenengo fasean, 2023ko abenduan, 54 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu ziren. Kasu horretan, gorpuzkien analisian eta hobian aurkitutako materialean oinarrituta, hipotesia da gorpuzkiak Zornotzatik gertu dauden gerra-fronteetan hildako borrokalarienak direla, hala nola Bizkargirenak, edo Zornotzako ospitale militarrean hil ziren borrokalarienak.
Gorpuak lurpetik ateratzeko lanen ondoren eta identifikazio-prozesuari bide emateko, iazko abendutik, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua inguru horretan desagertutakoen 35 familiarekin harremanetan jarri da, eta dagoeneko horietako 17ren DNA lagina lortu du, identifikatu ahal izateko.
Memoriaren Institutuaren helburua da profil horri erantzuten dioten desagertuen ahalik eta familia gehienekin harremanetan jartzea: zonaldeko gerra-fronteetan edo Zornotzako ospitale militarrean hildakoak, ez baitakigu non lurperatu zituzten. Horretarako, Gogora Institutuak berriro deitu die desagertutakoen familiei, Institutuarekin harremanetan jar daitezen eta, horrela, balizko identifikaziora eraman dezakeen prozesua has dezaten.
Helbide elektroniko honen bidez egin daiteke: gogora@euskadi.eus | 944032845
Bilaketa programa
Lehenengo zein bigarren fase honetan, gorpuak lurpetik ateratzeko lanak hilerriko eremu mugatu batean egiten dira. Eremu hori osorik egon da urte hauetan guztietan, eta dokumentazio historikoak adierazten zuen gerran hildako pertsonak lurperatu zirela.
Esku-hartze hori Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen “Gerra Zibileko Desagertuak Bilatzeko” programaren barruan dago, eta esku-hartze horrek, zehazki, Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntza du. Identifikazioak EHUko Biomics laborategiaren bidez egiten dira.