Etnografia proiektu handi baten bidez, herritarren testigantzak, argazki zaharrak eta baserrietako ezkutuko dokumentuak jasoko dituzte

GARAI | Garaiko Udalak eta Gerediaga Elkarteak lankidetza hitzarmena jarri dute martxan herriko ondare material eta ez-materiala ikertu, aztertu eta biltzeko asmoz. Tokiko erakundeak bultzatutako ekimen honek Garaiko memoria historikoa eta ohiturak berreskuratzea du helburu, denboraren pasatzearekin batera galdu ez daitezen.
“Herri baten ondarea hizkeran, bizipenetan, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohituretan eta etxean gordetzen ditugun paperetan islatzen da”, nabarmendu du Erramun Osa Garaiko alkateak. Osak defendatu du erakunde publikoen zeregina dela ondare hori babestea: “Nondik datorren ez dakiena eta zer bihurtu den ulertzen ez duena, enborrik gabeko zuhaitza bezalakoa da”. Hori dela eta, Gerediaga Elkartearengana jo dute arlo horretan erreferente nagusia delako.
Bestalde, Gotzon Gomez Gerediaga Elkarteko presidenteak ilusio handia erakutsi du lan talde berri honekin: “Herritarren kontakizunak entzunez eta etxeetan kontserbatzen diren dokumentuak aztertuz, Garaiko historian murgilduko gara. Lan baliotsua eta oso interesgarria izango da”.
Proiektua datozen hilabeteetan garatuko da eta oso zehatzak diren hiru lan-ildoren inguruan egituratuko da:
-
Bideo-elkarrizketak interneterako: Ikertzaileek hainbat herritarrekin hitz egingo dute Garaiko antzinako bizimodua nolakoa zen jasotzeko. Etxeen arkitektura, lanbide tradizionalak, elikadura, jolasak, eskola edo auzolana izango dituzte hizpide. Testigantza hauek guztiak bideoz grabatuko dira eta sarean jarriko dira herritar guztien eskura.
-
Material grafikoa biltzea: Argazki eta irudi zaharren bilaketa bat egingo da, herriaren iraganaren ispilu bisual gisa balioko dutenak.
-
Dokumentu pribatuen inbentarioa: Garaiko baserriek balio historiko handiko eskuizkribuak gordetzen dituzte (jabetza paperak, nekazaritza jardueraren datuak edo familia-kronikak). Helburua esparru pribatuan zainduta dauden dokumentu horien inbentario oso bat egitea da.
Gerediagako ikertzaileak laster jarriko dira harremanetan herritarrekin elkarrizketak hasi eta familiako artxiboak kontsultatzeko. Bi erakundeek dei egin diete garaitarrei proiektuan aktiboki parte har dezaten, euren oroitzapenen eta etxeetako ateak zabalduz, Garaiko historiaren puzzle hau guztien artean osatzeko.


