DOT Durangaldea

Emakumeen txirrindularitza bultzatzeko martxa arrakastatsua Gernikan

Martxa honek helburu nagusi bat izan zuen: emakumeen parte-hartzea txirrindularitzan ikusaraztea

Martxa pasadan irailaren 20an egin zuen Gernikatik hasita

KOSTALDEA | Irailaren 20an, txirrindularitza eta natura zaleek jardunaldi gogoangarria bizi izan zuten Busturialdeko eta Lea-Artibaiko errepideetan. Aixerrotape elkartearen bitartez, Gernikako Bizikleta Astearen egitarauaren barruan antolatutako martxa honek helburu nagusi bat izan zuen: emakumeen parte-hartzea txirrindularitzan ikusaraztea eta kirol honetan urratsak ematen jarraitzea.
Guztira, 40 parte-hartzaile baino gehiagok hartu zuten parte Gernikatik abiatu zen ibilbidean, 68 kilometroko esfortzuari eta 750 metroko desnibel positiboari elkarrekin aurre eginez.

Eguna Gernikako irteerarekin hasi zen, giro bikainean. Lehen zatian, tropela Munitibarrera bideratu zen, barnealdeko malga eta mendi-paisaiez gozatuz.

Ondoren, txirrindulariak Lekeitiora iritsi ziren, ibilbidearen erdialdeko mugarri nagusira.
Bertan egindako geldialdia izan zen eguneko une azpimarragarrienetako bat.

Lekeitioko Udalaren eta Kirol Patronatuaren laguntzari esker, parte-hartzaileek hamaiketako bikaina izan zuten indarrak berritzeko eta kirolaren inguruko esperientziak partekatzeko, portuko inguru paregabean.

Behin berriro martxan jarrita, taldeak kostaldetik bideratu zuen itzulera. Lagako hondartzaren ingurutik igarotzean, Urdaibaik eskaintzen dituen ikuspegi ikusgarriekin gozatu ahal izan zuten txirrindulariek berriro Gernikara iritsi arte.

Gernikako Bizikleta Astearen barruan egindako irteera honek kirola, adiskidetasuna eta emakumeen txirrindularitzaren aldarrikapena uztartu zituen, eta parte-hartzaile guztiei hurrengo ediziorako gogo handia utzi zien esperientzia bilakatu zen.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top