DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

“Elorrion eguneko zentroa irekitzea behar soziala da”

‘Elorrion Eguneko Zentroa Orain!’ plataformako kideekin eta eguneko zentroko erabiltzaileen senideen ordezkariekin batera, Udalak beste behin eskatu dio Bizkaiko Aldundiari herrian eguneko zentro bat ireki dezala

Udalak beste behin eskatu dio Bizkaiko Aldundiari herrian eguneko zentro bat ireki dezala

ELORRIO | Durangora eguneko zentro desberdinetara joaten diren Elorrioko bizilagunen erabiltzaile kopuruak gora egin duela jakinda eta gizartearen zahartzea gero eta nabariago dela ikusita, kezkaz, herriko bi eragileen ordezkariak eta Udala Bizkaiko Foru Aldundira gerturatu dira.

Julene Lazkano, alkatearen hitzetan “epe laburrean 16 izango dira Elorriotik Durangora joango diren erabiltzaileak, eta badakigu joera hori areagotu baino ez dela egingo. Horrek guztiak indartu baino ez du egiten gure herrian eguneko zentro baten beharra”. Izan ere, Elorriarren ongizatea bermatzeko, funtsezkoa da herritarren premiak aintzat hartzea eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzea. Hori dela-eta, Elorrion eguneko zentroa irekitzea behar soziala dela adierazi diete Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzako foru diputatu Amaia Antxustegiri.

Horrez gain, erabiltzaileei eta haien hurbilekoei Elorriotik Durangora joan behar izateak zer suposatzen duen azaldu zaie Aldundiko arduradunei, eta, besteak beste, garraioan hobekuntzak egiteko eskatu zaio Aldundiari, zerbitzua bera ematea ez ezik, zerbitzu hori kalitatezkoa eta duina izan behar baita.

Azkenik, Udalak nabarmendu nahi du azken urteetan lanketa garrantzitsuak egin direla herrian gai honen inguruan, hainbat herri eragilek bultzatuta. Azpimarratzekoa da horiek herritarren babes zabala jaso dutela: 2760 herritarrek sinatu zuten Elorrion eguneko zentroa irekitzeko aldarrikapena, eta Elorrion Eguneko Zentroa Orain plataformak 2024ko ekainean aurkeztutako mozioa onartu zen udalean.

​Lazkanoren arabera, “berriro ere, foru ordezkariaren erantzuna ezezkoa izan da; Aldundiak ez du Elorrio eguneko zentroz hornitzeko asmorik. Udalerriko gizarte eragileekin batera, zerbitzu honen beharra aldarrikatzen jarraituko dugu”.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top