Bizkaiko txakolina uztartuko dituen programazio zabala egongo da

DURANGALDEA | Bizkaiko Txakolina Jatorri Deiturak eta Urkiola Landa Garapenerako Elkarteak antolatutako «Mahasti Artean» jaialdia Durangaldera iritsiko da aurten, bere zazpigarren edizioan. Udaren amaierarekin eta mahats-bilketaren hasierarekin bat eginez, irailaren 11tik 13ra bitartean, eskualdea topagune bihurtuko da zentzumen guztientzako pentsatutako esperientziez gozatzeko. Aurreko urteetan beste eskualde batzuetan izan ondoren, aurtengo hitzorduak hiru kokaleku berezi izango ditu: Amorebieta-Etxanoko Etxanojauregi mahastia, Durangoko Azoka, eta bereziki azpimarratzekoa, Elorrioko Solatsu Telleria.
Elorriok protagonismo berezia izango du jaialdiaren egitarauan. Irailaren 12an, larunbata, goizeko 11:30etik aurrera, “Mahasti Yoga” saioa egingo da 1700. urte inguruan eraiki eta duela gutxi berreskuratutako Solatsu teileria historikoan. IZAKI Yogako Miren Mentxakak zuzenduko du saioa, eta ondoren, espazioa bisitatu eta Bizkaiko lau txakolin dastatzeko aukera egongo da, Saltsanek prestatutako gertuko produktu gastronomikoekin batera.
Asteburu osoko egitarauak eskaintza anitza jasotzen du Durangaldeko gainerako lekuetan. Ostiralean, María Cruickshank-en umore-bakarrizketak emango dio hasiera jaialdiari Etxanon. Larunbat iluntzean, musikak hartuko du lekukoa, Zea Mayseko Aiora & Piti eta Arima Soul taldeen kontzertuekin mahastien artean. Igandean, aldiz, Durangoko historia eta zaporeak uztartuko dituen ibilbide gidatu batek eta bertako Azokan egingo den dastaketak borobilduko dute asteburua.
Sarrerak eta informazio osagarria eskuragarri daude jaialdiaren webgune ofizialean: www.bizkaikotxakolina.eus


