Gaur arratsaldean osoko bilkurak 2025 urtearen amaieran indarrean sartuko den kontratu baten tramitazioarekin hastea bozkatuko du
DURANGO | “Aspalditik lantzen ari garen gaia da”. Hitz horiekin deskribatzen du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak udalerri osoko argiztapena berritzeko proiektua. “Azkenean lortu dugu martxan jartzea”, aitortzen zuen. Ia zortzi milioiko inbertsioa da, eta hamar urterako egingo du administrazio durangarrak. “Durangoko aldarrikapen historiko bat, inkesta guztietan agertzen den gaia da”, gaineratu du Elkoroiribek DOTBn egindako elkarrizketa batean. Gaur gauean emitituko da, 22:30ean.
Izan ere, kexak ugariak dira auzokoek gau askotan izaten duten argiztapen faltagatik. Horretarako, 2025. urtearen amaieran esleitu nahi den kontratu honetan aurrera egingo da. Kontratu horrek energia batzea eta instalazio elektriko guztiak berritzea aurreikusten du, bai mantentze zuzentzailea, bai prebentiboa. “2026tik aurrera hasiko gara argiteria publikoaren hobekuntzak ikusten. Segurtasun pertzepzioan eta bizi-kalitatean irabaziko dugu “, azaldu zuen DOTBko lehen zinegotziak.