Antolakuntza, informazioaren argitasuna eta gidari lanetan aritutako umeen inplikazioa goraipatu dituzte

DURANGO | Joan den astean egin zuen Durangoko Haurren Eskola Kontseiluak ikasturteko azken bilera. Saio horretan, kontseiluko kide gazteek ‘Durango Tour’ egitasmoaren balorazio sakona egin zuten; hain zuzen ere, Durangoko Udalaren babesarekin euren kabuz diseinatu eta bultzatutako ekimena.
Gaztetxoen ustez, esperientzia ezin hobea izan da hainbat arrazoirengatik: parte-hartzaileei emandako azalpenen argitasuna, ibilbidearen antolaketa txukuna eta haur gidarien inplikazio handia azpimarratu dituzte. Horrez gain, herrira iritsi berri direnei harrera egiteko, herria ezagutarazteko eta gizarteratzea errazteko tresna bikaina izan dela adierazi dute, umeei herri-bizitzan aktiboki parte hartzeko aukera emanez.
Gogoratu beharra dago ‘Durango Tour’ ekimenaren proba pilotua duela hilabete inguru jarri zela martxan. 10 eta 12 urte bitarteko haurrek gidatutako ibilbide horretan, herriko txoko esanguratsuenak eta durangarren eguneroko bizitzaren xehetasunak erakutsi zizkieten bisitariei. Ordu t’erdi pasatxoko iraupena izan zuen ekintzak, eta Udaletxeko arkupetan egindako luntx batekin borobildu zuten eguna.
Ekimenak utzitako zapore onari esker, Haurren Kontseiluak argi utzi du proiektuari segida eman nahi diola aurrerago ere. Udalbatzako alderdi guztiek txalotu egin dute umeen lana, eta eskerrak eman dizkiete Durangoko gaztetxoen ahotsa entzunarazteko eta herri hobe bat eraikitzeko erakutsitako konpromisoagatik.


